PANTAILEZ JABETZETIK PANTAILA IZATERA?

Ikus-entzunezkoetako plataforma erraldoiek arrakala bat ireki dute orain arte industriarena izan den zoruan. Zinema eta telesailak ikusteko era aldatzen ari dira. Oraingoz aretoak dira egoera berriaren kaltetuenak, baina sektoreko beste adarrek ere nekez itzuri egin diezaiokete eztabaidari.

itziar ugarte irizar
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Inoiz baino ikus-entzunezko gehien kontsumitzen diren garaiak dira, eta bizi dago eztabaida. Filmak pantaila handian ikusteko aukerak gero eta murritzagoak ote diren. Joera berria: ekoizpen berriak zuzenean etxeko gailuetan ikustea. Telesailen modak hauspotuta, zinema zein telesailen ekoizpen eta banaketa bere egiten hasi dira plataforma digitalak —batik bat, Netflix, Amazon eta HBO—, eta haiekin eraldatzen doa zinema ikusteko modua. 2018an agerian geratu da fenomenoa; urteko pelikularik goraipatuenetakoa, Netflixek ekoitzi eta Alfonso Cuaronek zuzendutako Roma, zuzenean online estreinatu da ia, apenas areto gutxi batzuetan erakutsita. Berdin Coen anaien azken lanarekin ere, The Ballad of Buster Scruggs-ekin. Eta hasiera baino ez dirudi; aurten, besteak beste, Martin Scorseseren azken bi proiektuek Netflixen zigilua izango dute: The Irishman filma eta Rolling Thunder Revue dokumentala —bada pantaila handian erakutsiko ez direla aurreratu duenik—. Hala, zinema aretoak eta banatzaileak kolpatu ditu gogorren egoera berriak. Sektore osoa dago, ordea, gaiaren gainean.

«Hau da orain gaia, toki guztietan; baina, egia esan, niri nagikeria handia sortzen dit». Horra, barre txikiz, Marian Fernandezen aitortza, Txintxua Filmseko ekoizle eta Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeeen Elkarteko presidentearena. «Denon ahotan daude plataformak; baina gure eguneroko lanean oraindik ez du askorik eragin». Bestela heltzen dio auziari Coro Odriozolak, EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteko idazkari nagusiak: «Sektore osoari eragin digu. Alde ona da pirateriak behera egin duela. Baina, bistan da, halako eskaintza eskura izanda, jendea gutxiago doa zinemara».

Azkar heldu da aldaketa, eta abiadura horrekjartzen du zalantzati sektorea plataformen eraginaz aritzerakoan. Hauen aurretik ere bazegoen pelikulak etxean ikusterik, Internetek bideokluben gainbehera ekarri zuen; aurrena pirateriarekin, eta nahierako bideo zerbitzuekin gero. Aldea da plataformek hortik negozio bat egiten jakin dutela, denen buru Netflix dela —Google, Facebook eta sareari lotutako multinazional gehiago ere batu dira zerrendara—.

DVD fisikoak etxeetara postaz bidaltzen zituen webgune bat zen Netflix hasieran. 2007an ekin zioten nahierako bideoen negozioari, eta 2013an eduki propioak ekoizteari; House of Cards telesail entzutetsua horien artean. Atal guztiak ikusgai batera jartzea erabaki zuten, eta hala definitu euren negozio eredua: edukia multiplikatzea eta hartzailea ahal beste ezagutzea. «Hau ikusi baduzu, beste hau ere gustatuko zaizu». Orduan 33 milioi harpide zituen, AEBetan denak. Baina asmoa globala zen ordurako, eta besteen lanen eskubideak erosi soilik ez, buru-belarri sartu zen edukien ekoizpen eta banaketan. Gaur 130 milioi etxetara heltzen da plataforma, munduko 190 herrialde baino gehiagotan. Datu gehiago: 2018an, Netflixek 83 film ekoitzi zituen—Warner Brosi, Hollywooden gehien ekoizten duen etxeari, 23 lanetarako eman zion urteak—, eta Interneten dagoen streaming zerbitzuaren %20 inguru kontrolatzen du.

Bada Netflix telebista berria dela titulatu duenik ere.

Industria bat trantsizioan

«Streaming zerbitzua nagusituz doan trantsizio une batean gaude. Ez dago oso garbi zertara goazen». Hala laburtu du sektoreak bizi duen unea Eneko Olasagasti zinemagile eta antzerkigileak. Plataformen eragina hiru aldetan aztertu behar dela dio: kontsumoan, ekoizpenean eta sorkuntzan. Zinemazalearentzat abantaila da, hori argi du. «Askoz merkeagoa da; hamar bat euro ordainduta, produktu pila bat ditu eskura».

Ekoizle ere bada, eta hor ez du hain baikor ikusten egoera. Merkatua gehiago globalizatzeak ekoizteko aukerak murriztea dakar, haren ustez. «Lehen finantzazioa alde diferentetatik lortu behar zenuen; gaur, ekoizle bakarrak ekoitzi dezake produktu bat. Besterik da eurengana iristea. Gauza hauek beti mugitu dira pasilloetan: hor ondo mugitzen dakienak aterako ditu lanak aurrera». Bada, plataformek «handien eta txikien arteko arrakala» handitzen dutelakoan da Olasagasti. «Lehen, bi milioi euroko film gehiago zeuden; orain, zortzitik gorakoak edo milioi batetik beherakoak egingo dira. Ni bezalako batek aukera gutxi ditu horra heltzeko».

Oraingoz euskarazko hiru film iritsi dira, esaterako, Netflixera: Loreak, Errementari eta Handia. Azkenaren kasuan, gainera, proiektuaren aurre finantzaketan sartu zen plataforma. Hori horrela, plataformak «aliatu» ere izan daitezkeela uste du Fernandezek. «Nik lortzen badut nire pelikularako Netflixek dirua jartzea, kolpetik jasotzen dut pelikula». Finantzazioa bilatzerakoan aintzat hartzeko pieza bihurtu da plataformena harentzat, «baina oraindik ez behin betiko pieza bat». Antzeman du beste alde on bat inguruan. «Plataformek ekoitzitako telesailak datoz orain, eta horrek hemengo teknikoentzat lana dakar; lagun asko ditut urtea egin dutenak horiei esker».

Eta kontatzeko eran? Izan dute eraginik? Ezezkoan dira Olasagasti eta Fernandez; ez behintzat modu nabarmenean. Olasagasti: «Sortzailea beti dabil egin nahi duenaren eta jendeari gustatuko zaionaren artean. Baina zerk funtzionatuko duen ez dago jakiterik; zorionez, sorkuntzak ez du algoritmoen arabera funtzionatzen». Roma-ren kasura jo du Fernandezek: «Netflixek ekoitzi arren, ikusten da Cuaronek askatasun osoa izan duela: zuri beltzean, aktore ezezagunekin... Hori bai, Netflixek kamera eta laborategi batzuk onartzen ditu, eta horrek markatzen ditu forma batzuk».

Eztabaidaren adabakiak

Batez ere, zinema jaialdien ingurumarian berotu da plataforma digitalekiko eztabaida azken urteetan. 2017an, jendeak txistu jo zion Netflixen logoari Cannesen Okja filmaren kredituetan azaltzean. Hurrengo urtean, jaialdiak lehiaketatik kanpo utzi zituen Netflixek eramandako lanak, plataformen aurretik aretoetan erakutsiko ez zirela argudiatuta.

Iazko urteak aldaketa bat ekarri duela uste duenik bada, ordea. Batik bat, Roma-k Veneziako Mostran Urrezko Lehoia irabazi izanak. Donostiako Zinemaldian ere Netflixek ekoitzitako lan bat izan zen sari nagusirako lehian. Odriozolak ez du dudarik: «Beti defendatuko dugu pelikulak zinema aretoetan estreinatu behar direla». Txarteldegietako beherakada mailakatua izaten ari dela dio, baina eusten diola beheranzko joerak. «Beti daude zinemafiloak, eta pantaila handian ikusi nahi diren filmak, baina, oro har, estreinaldiak, zeinetara lehen jendea masan joaten zen, nabarmen jaitsi dira». Etxean geratzearen «erosotasuna» eta eskaintza kultural gero eta zabalago bat dira kausa nagusiak harentzat. Horren aurrean, aretoak bide berrien bila ari dira. «Pelikula erakusteaz gain, esperientzia ezberdin bat eskaini beharko dugu».

Ikus-entzunezkoen kontsumo indibidualago bat gailentzen doala, hor ados da sektorea. Odriozolaren hitzetan, «bakoitzak nahi duena ikusten du, nahi duenean». Horrek, hein batean, «tristura» eragiten dio Fernandezi, zinemak esperientzia kolektibo modura indarra galtzeak. «Denontzat da ona aretoak zinemaren kontsumorako erreferenteak izaten segitzea».

Hizkuntza gutxituetako industriak non geratzen diren egoera berri honetan; horra zintzilik den beste auzi bat. Edo ez hainbeste. Euskara heldu den bezala, beste hizkuntza ez hegemoniko batzuk ere heldu dira plataforma horietara. Olasagastik garbi ikusten du: «Plataformei hizkuntzarena bost axola zaie; arrakasta duten produktuak interesatzen zaizkie. Halere, hizkuntza txikientzat ez da erraza merkatu horietara heltzea; hor ere baliabideak jarri beharko dira ikusgarritasuna lortzeko». Antzera Fernandez ere: «Honezkero, jakin behar genuke hizkuntza ez dela traba bat munduko edozein tokitara heltzeko».

Etor litekeena haztatzen

Sareko erabiltzaile batek idatzi zuen: «Hau mundu aldrebesa: Amazon zentro komertzial ohiak erosten, eta orain Netflix zinema aretoak erosten. Lehendabizi hondoratu zure etsaia, eta gero erosi hilotza, ea probetxurik atera ahal diozun». Zaratak heldu dira, eta prentsan ere argitaratu da plataforma erraldoi hauen hurrengo urratsa zinema aretoak erostea izango dela, beraiek ekoitzitako lanak erakusteko. Ezin jakin, baina pista eman du Fernandezek: «Botere asko dute, apustu ekonomiko handia egiten ari direlako. Horrek ahalbidetzen die erabakiak hartzen egotea».

Botereaz ari, irabazien kudeaketaz ohartarazi du Olasagastik. «Kasu hauetan, sortzaileen eskubideak kudeaketa elkarte handiek kontrolatzen dituzte. Nik kobratu ditzaket 100 euro sesio bat egiteagatik, baina arrakasta badu, etekinak sortzen ditu, eta sortzaileak ez du irabazi hori ikusten». Sortzaileak merkatu globalean jokatu behar badu, ordainketei begira ere «neurri globalak» defendatu ditu zinemagileak. «Hori guztia lehenbailehen arautu beharko da».

Gaur-gaurkoz, alarmak behar baino gehiago ez pizteko deia egin du Fernandezek. «Aspaldi hasi zen aldaketa; orain kontziente gara serio doala guztiz. Hala ere, sentsazioa dut orain denok honen inguruan aritu arren, bi urte barru, beste zerbait izango dela. Baina zinema zuzenean etxera heltzea? Hori bada aldaketa nagusia, hori jada hemen dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.