BI AHOTSETARA

Xerkan

2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Lo ezinaren atzaparretan kulunka, inoiz baino gehiago ari da irakurtzen eta idazten, baina, batez ere, inoiz baino musika gehiago entzuten. Ez du sentitzen, ordea, lotan pasatu beharko lituzkeen ordu horiek alferrik galtzen ari denik. Hitzek eta diskoek uzten dioten abagunean gogoeta egiteko beta du. Pentsamenduen anabasan ez daki zeren bila dabilen, ordea; erantzunak baino galdera gehiagoren bila agian? Askotan ez al dugu bilatzen badakigulako ez dugula aurkituko?

Finean, kulturak ba al du helburu zehatzik? Norabiderik eza bere horretan ez al da norabide bat? Mundu honetan zertarako dagoen galdetuko baliote, beharbada esango luke ahalik eta disko gehien entzuteko dagoela. Musikaren bitartez estimulu berriak bilatzeko, besterik gabe. Maite du beste pertsonen mundu ikuspegiak arakatzea, hausnartzea, haietan galtzea. Kulturazaleak voyeur emozionalak gara. Mundu ezberdinak bisitatzeko aukera ematen digute melodiek eta hitzek. Liburu edo disko batek hegazkin txartel batek baino gutxiago balio du. Kulturaren helburua bere bitartez hausnartzea dela iruditzen zaio, bere bitartez besteen emozioekin gozatzea, negar egitea, masturbatzea eta aurkikuntzak merezi duten pertsonekin partekatzea.

3:01. Emozioz mozorrotutako galderak izarren pare bere gaua argitzen. Horiexek nagusitzen zaizkio disko eder bat edo liburu on bat irakurtzen duenean. Gogoko ditu galderak, beti dira zerbaiten hasiera. Erantzunak lasaigarriak dira denbora labur batez, baina azkar agortzen dira. Zoriontasuna etengabeko galderak dira, erantzuna mihi puntan edukitzea. Benetako poza oraindik ezagutzen ez duen hurrengo sortzaile gustukoenaren xerkan etengabe ibiltzea da, eta horixe eskaintzen dio, hain justu, musikak, disko edo artista berrien aitzakian, bere buruaren ezagutza etengabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.