BI AHOTSETARA

Ez dira betiko garai onenak

2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Ez dira betiko garai onenak. Edo bai. Pandemia honek erakutsi digu lehen ere ez ginela uste bezain ondo kontsumismoaren gezurrezko zoriontasunean. Orain behintzat, mundu egiazkoagoan bizi gara. Apaindura guztiak koloregabetu dira, munduak bere paleta originalak erakutsi dizkigu eta bizitza benetan zer den ikastea tokatu zaigu, lehentasunak berrordenatuz. Baina hori ez da txarra, hobe egian bizitzea, ezta?

Balizko munduak ezagutzeko lehendik bagenuen kultura; nola den baino, nola izan behar lukeen edo ez lukeen erakusteko. Huxleyk ederki laburbildu zuen aspalditik eratzen ari zitzaigun duda, eta orain ezinbesteko galdera bilakatu dena: «Nola dakizu Lurra ez dela beste planeta bateko infernua?». Edo maila txikiagoan Viva Belgrado taldea ere bide horretatik doa bere azken lan bikaineko abesti batean: «Nola askatu jada bizitakoaren xantaiatik?».

Eta 50 egunen buruan eman ahal izan ditudan lehen paseoek eman didate erantzuna: bizitzen. Nik ez nekien horrenbeste txori zeudenik munduan trafikoa isildu den arte! Lehen paseatzera kaskoekin joaten nintzen, mundutik isolatu nahian; orain, berriz, munduak eskaintzeko duen guztia xurgatu nahian, zentzumen guztiak prest ateratzen naiz. Behar dut orain ere musika, noski, eta berrogeialdi honetan genuen harremana gehiago estutu da gainera, disko osoak lasaitasunez entzutearen plazera berreskuratuz. Baina ohartu naiz behar ditudala txorien kantuak ere, haizea aurpegian, euri tantak, besarkadak, ortzadarrak eta ekaitzak, maite ditugunekin partekatutako garagardoak... bizitzak duen musikarik gabe, arteak berak ere ez du zentzurik.

Mundua pantailen bitartez ikustera mugatu behar izan dugun honetan ohartu naiz gauza garrantzitsuenak orain eta hemen gertatzen direla. Beharbada testu honek autolaguntzako liburu txepel horietako bat dirudiela pentsatuko duzu, baina poesia eta akordeak bezainbeste gara natura, ez dezagun ahaztu, arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.