gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Sua

2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Desira basati batek harrapaturik, suzko eraztun batean jausi nintzen... Suak itzali zizkiguten baina. Kafetegira sartu orduko esan dit Rosak jendearen begietan sua falta dela aspaldian, eta udaren etorrerak ere piztuko dituen esperantzarik ez duela. Sua, sua, sua... Ez ezazu itzaltzen utzi. Eta oihu egin ezazu. Sua. Manten ezazu bizirik. Sua. Ez ezazu hiltzen utzi, ez ezazu hiltzen utzi... Arrazoi duela esan diot. Festak bere horretan ez ditudala bereziki faltan sentitu, baina bai elkartze erritu zenbaitzuk, eta horietako bat, ezbairik gabe berezienetako bat, udari ongietorri olesa egiten dion San Joan suaren ingurukoa dela. Ekainak 24/ Jon deunaren eguna/ herri guztietan ohitura zaharra/ zakar pilo bateri eman sua... Umetan dantza egiten nuela haren inguruan, lagunekin batera, ipuin batean barneratuko banintz bezala, haren gainetik jauzi egitera ausartu gabe; nerabezarotik gaztaro luzatura artekoetan izkin egin geniola propio eta maleruski. Pandemia aurreko azken urteetan, aldiz, neure kasarako erritu txiki bat berreskuratua nuela: behin parranda amaitutzat eman ostean, etxerako bidean herriko enparantzara berriro hurbildu eta suaren azken hondar goriak bizi zirela artean, alboetara ondo begiratu eta inor zelatan ez zela ziurtaturik, jauzi egitea. Sua, sua, sua, sua, itxaropen hazia...

Byung Chul Hanek esana eta guk edana: errituetatik erauzten ari da norbanakoa eta harekin gizartea. Sua; elkarrengana biltzea, dantzatzea, kantatzea. Bestarekiko miraren ezabatzea. Eros-aren akidura. Geroz eta ezezagunagoak zaizkigun hitzak. Okerrena dena: kontu zaharkitu, demode zein atzerakoitzat hartuak dira, gainera. Baina zuk ere nola basoa adina sua maite duzun...

Esan diot Rosari, su txiki bat piztuko dugula auzoan, nahiz eta imajinarioa izan, Lehoien iturriaren albo-alboan, eta nahi duena bilduko dela bertara, dantza egitera, kantatzera... eta goizalbarekin batera begiratuko dudala supindarrik geratzen den, eta jauzi txiki bat egingo dudala gu guztion alde. Eta geuk piztutako sutan erreko gera berriz, eta su zaharren ke beltzetan biderik aurkitu ezinik, ihesi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.