Paule Bilbao Ajuriagerra.
BI AHOTSETARA

Hiruki perfektua

2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Julien Baker, Phoebe Bridgers eta Lucy Daucusen mailako musikariak elkartzen direnean, esku artean zerbait berezia duten seinale da... Eta hain juxtu, horrela izan zen: 2018. urtean Boygenius taldea eta disko laburra sortu eta kaleratu zutenean. Azken boladan musika ezberdina entzuten egon naizen arren, oso lan gutxik samurtu didate bihotza, eta hori egitea lortu duen diskoetariko bat Boygenius izan da. Entzun nuen lehen aldian emozio zaharrak berpiztu zizkidan, edertasunaz gozatu eta pozoia gustora dastatu nuen. Disko tristea da Boygenius, oso iluna. Baina abestien amaieran antidotoa eskaintzen dizun horietakoa. Azkenaldian musikarekin sentitzen nuen konexio gabezia eta hutsune hori guztiz betetzen zela ikusi nuen. Hala ere, diskoan sakondu nuen heinean, letrek transmititzen duten minarekin konektatu nuen, abestien sustraiarekin, alegia.

Bakoitzak bere puzlearen pieza jarriz, artelan perfektu hau eraiki dute: Baker xehetasun emotiboetan murgiltzen da, Bridgers berezitasun folklorikoan eta Dacus indie-rock zorrotzenean. Elkarrekin sei abestiz osatutako EP bat sortu zuten, banakako nortasun-ezaugarriak nabarmenduz, baina bakarka argitaratutako luketen disko bat izatera heldu gabe. Bakerren guitarra erritmo mozketa lasaiak, esaterako, une batzuetan, Dacusen gitarraren distortsio sutsuekin nabarmentzen dira. Halaber, honen poesia-xehetasunek Bridgersen umore ilunaren zentzu pozoitsua birfintzen dute. Musikari bakoitzaren ekarpen ezberdinek, beraz, disko aberats eta osatu bat sortzea ahalbidetu dute.

Gaueko hamabiak dira Donostian, etxeetako argiak euriarekin nahasten zaizkit eta Souvenir abestia biniloan jarri berri dut. Julien Baker abesten hasi denean, bere ahotsak musika berria egiten jarraitu behar dudala jakinarazi dit. Argi gainera. Abesti hauek transmititzen didaten zati txiki bat beste pertsona bati helaraztea lortzen badut, zoriontsu. Oso zoriontsu. Eta horrela ez bada, beti izango dugu Boygenius entzuteko aukera; hiru emakume talentudun hauetaz gozatzeko parada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.