BI AHOTSETARA

Itxialdiaren artea

2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Zer da irla bakarti batera eramango zenukeena? Askotan entzun dugun galdera da, baina konfinamendu honetan beste perspektiba bat hartu duela esango nuke. Hasiera batean liluragarri bezain lasaigarria irudituko litzaigukeen baina behin eta berriz behatzeaz aspergarri bihurtu litekeen palmondoari zerk eman liezaioke bizia? Planteatu beste modu batera galdera: zerk salbatzen zaitu ero(r)tzetik etxeko lau hormen artean konfinatuta zauden bitartean?

Nik erantzuna argi dut: arteak. Zure berrogeialdia musikarik entzun gabe, liburuak irakurri gabe, bideo-jokoren batean jokatu gabe edota telesail eta pelikulak ikusi gabe irudikatzen al duzu? Gure helduleku bilakatu dira, ez digute desesperazioan erortzen uzten, eta mundu hobeago bat posible dela gogorarazten digute. Bestela, ikusi besterik ez daude gure inguruko balkoiak txaloz eta musikaz apainduak. Kulturaren aitzakian hurbiltzen gara besteengana, abestien bidez lortzen dugu komunitatearen babesa; horrekin faltan sumatzen ditugunei eman nahi genizkieken besarkadak ordezkatuz.

Kultura, ordea, ez da garai zailetarako ordezkapen soil bat; inoiz izango dugun lagunik fidelena da, egun txar bat alaitzeko txertorik eraginkorrena, negar egiteko beharra dugunean eskura dugun musuzapia. Beraz, hau guztia amaitzean ere, ea horren ondo zaintzen dugun. Eta badakizu zer den onena? Partekatu daitekeela, besarkadetan bukatu daitezkeen konplizitate istanteak sortuz.

Oraintxe enegarrenez ikusi berri dudan Into the Wild pelikulak berretsi dizkit pentsamendu hauek: benetako zoriontasuna partekatzen dena da. Beraz, eskerrak sortzaile guztiei euren ezinegon, poz eta negarrak modu batean edo bestean munduarekin partekatzeagatik, abestiak dioen bezala: «Hori da gurea, konpartitzen duguna. Ez zatikatzen duguna». Eta zu, zerk salbatzen zaitu ero(r)tzetik etxeko lau hormen artean konfinatua zauden bitartean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.