BI AHOTSETARA

Txikiaren handitasuna

2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Musika jaialdi handirik ez da egingo 2021. urtera arte (gutxienez). Horixe irakurri nuen lehengoan. Horrela zioen lerroburuak gordinki, berri tristea baliteke batekin goxatzen saiatu ere egin gabe. Behin ikara igarota, ordea, ez zitzaidan horren albiste txarra ere iruditu. Izan ere, azkenaldian makrokontzertu eta jaialdi musikalek txapelketak ziruditen, zein izan hipsterrago (oraindik erabiltzen al da hitz hau?), zeinek jarriko argazki cool-ena Instagramen. Kontzertuak attrezzoa baino ez ziren, eta askok programazio musikala baino hobeto zekiten ondoko food truck beganoaren menua.

Aspalditik dut buruan itxurakeria honek guztiak noizbait eztanda egingo duelako ideia, egin behar duelakoa bederen. Pandemia honek ekarri duen krisia izango al da behingoz jaialdi masiboen burbuila hautsiko duena? Hala bada, zerbait positiboa atera genezake hondameni honetatik. Izan ere, kultura, lehendik ere, ohituta dago ekaitzaren erdian bizitzen, baldintzarik prekarioenetan, eta, beharbada, azkenengo eraso honek ekarriko duen barealdian, antzoki txikiek eta talde ez hain masiboek euren lekua aurkitu lezakete, talde handien kontzertuetara eta jaialdietara bakarrik joaten diren kulturazaleen moda atzean utziz eta ekitaldi xume bezain berebizikoak berriz ere lehen lerroan jarriz.

Euskal Herrian zerbaitetan aberats bagara, talde txiki interesgarriz osatutako eszenan baita. Hori indartu beharra dago orain ezinbestean, dela joan den greba digitalarekin euskal kultur eragileek euren lekua aldarrikatuz, dela osasun larrialdia igarotzean kulturazaleok gaztetxe, antzoki eta tabernak betez, zuzeneko musikaz gozatzeko irrika biziarekin.

Inork ez daki hau pasatu ondoren zer gertatuko den, baina, dirudienez, bada itxaropen zirrikitu txiki bat gure kulturarentzat, euskal eszena inoiz baino indartsuago atera dadin bere zaurgarritasuna bertute gisa aldarrikatuz. Izan ere, pandemia honek zerbait erakutsi badigu, benetan axola duena txikitasunetik sortzen dela da, gure barneko angelu inperfektuetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.