Paule Bilbao Ajuriagerra.
BI AHOTSETARA

Emozioaren takigrafia

2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Inurridura, hotzikarak, gorputza igarotzen duen dardara, energiaz beteriko sentipen beroa, ileen tentetzea... Sentsazio horiek irakurtzean, gai ezberdinak datorzkigu burura, baina, gaurkoan, gutako asko motibatzen gaituen fenomeno bat dugu hizpide: musikaren muina. Sentsazio hori deskribatzeko modu anitz daude, esperientzia pertsonala eta errepikaezina baita; bakoitzak bizipena modu ezberdin batean sentitzen du. Hala ere, nolabait, plazer goreneko momentu bihurtzen da. Musika emozioaren takigrafia dela zioen Lev Tolstoi idazle errusiarrak, eta inurridura horren mekanismo fisiologiko zehatza misteriotsua da oraindik ere.

Musikarion mundua esparru zabala da, eta pertsona bakoitzak horrekiko hartzen duen erantzukizuna nahiz papera guztiz orotarikoak dira. Nola ez, horrek ere musika sentitzeko modua baldintzatzen du; beraz, emozioak ere bai. Hortaz, musikariari, profesional bihurtzean, beldurra, ziurgabetasuna edo epaitua izatearen sentimendua gailentzen zaizkio, besteak beste. Halaber, musika klasikoaren arloko musikari ugarik baieztatzen dute aske sentitzen direla, eta sentimendu hori, oro har, musikari gehienetan ematen da. Hortaz, eskakizun, presio edo igurikapenen arabera, musika sentitzeko dugun modua ere alda daiteke.

Abiatu gaitezen musikak gogobetetasuna sorrarazten digun hipotesitik. Emozioak mugitzen dituzten garun zentroak kitzikatzen ditu, eta, barneratze bide bati jarraituz, gure irrika edo sentimendu musikala adieraztera bultza gaitzake. Beste modu batean esanda, zoriontsu egiten gaituen osotasun estetikoagatik inbadituak izan gaitezke.

Artetzat, zientziatzat eta hizkuntza unibertsaltzat hartzen den musika mugarik gabeko adierazpide bat da, norberaren barrenera iristen dena. Musika entzuteak eta sortzeak sentsibilitatea, sormena eta abstrakziorako zein analisirako gaitasuna garatzen du. Ondorioz, estilo desberdinetako musikariok badugu zerbait amankomunean: oholtza gainera segurtasunez igotzearen zeregina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.