Paule Bilbao Ajuriagerra.
BI AHOTSETARA

Amatasuna, emakumea eta musika

2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Amatasuna, emakumea eta musika. Gai honi buruz idaztea aspalditik pentsatuta neukan arren, egun hauetan nire buruan bueltaka ibili izan den gaia da. Izan ere, emakumearen nazioarteko eguna bi egun barru dela kontuan izanik, gai honi buruz hausnartzeko tartetxo bat ateratzea egokia eta beharrezkoa dela deritzot.

Testuinguru honetan, amatasuna eta lana edota zaletasuna uztartzeko neurririk ezak dira lansari, okupazio eta erantzukizun berberak lortzeko oztopo nagusiak. Beste era batera ikusita, emakume batek seme edo alaba bat duenean, lanpostuen okupazioan dagoen genero-aldea handitu egiten da %19,3ra iritsi arte. Estatistika Institutu Nazionalak emandako datuen arabera, amatasuna oztopo bat da lan-aurrerapenerako. Hala ere, seme-alabak izateak dakarren penalizazioa ez da desoreka horiek suntsitu nahi dituzten emakumeek eta enpresek aurre egin behar dioten erronka bakarra.

Musikaria izateak beste hainbat figura, lan eta rol hartzen ditu barne, eta ama zarenean, gainera, horiek bikoiztu egiten dira. Pentsamolde zaharkitua badirudi ere, gaur egun eredu heteroparentalean oinarritzen diren familia gehienetan guraso rolak ez daude modu berberean banatuta, eta horretaz ohartzeko gure inguruan begiratu besterik ez dugu egin behar. Azken hilabeteetan behatzaile papera hartu izan dut, eta gure eszenan bereziki belaunaldi batetik aurrera ematen den gertaera horretaz pentsatzeko parada izan dut.

Goazen ba elkarrekin galdera bati erantzutera: gure inguruko musika taldeetan guraso diren zenbat musikari dira emakume eta zenbat gizon? Orain, galdera zertxobait gehiago konplikatuko dugu: guraso diren musikari talde horretatik, zenbatek utzi behar izan dute alde batera beren pasioa, lana edota zaletasuna? Eta zenbatek izan dute honekin jarraitzeko aukera?

Tamalez, begi-bistakoa da oraindik gaur egun gure sektorean ematen den genero desberdintasuna, pixkanaka belaunaldi berriak egoeraz kontzienteagoak izaten ari garen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.