BI AHOTSETARA

Prisma(k)

2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Internet den zurrunbiloan, tanpez, Dominique A-ren elkarrizketa baten aurrean aurkitu da: «Abesti batek ez du mundua aldatuko, baina eztabaidaren parte izan daiteke». Esaldi ahaltsua iruditu zaio, baina ez dago guztiz ados. Egun eta denboraldi txar ugari etorri zaizkio burura, abesti eta disko ezberdinekin lotzen dituenak, garai haietan helduleku gisa erabilitakoak. Irudikatzen du sentsazio bera milioika pertsona ariko direla sentitzen momentu honetan, abesti bat oihukatzen ari diren bitartean lanera doazela, edo etxeko egongelan inor begira ez dutela dantzatzen ari direla. Ez al da ba hori mundua aldatzea? Eta horretarako abesti guztiek berdin balio al dute?

Onartzen du batzuetan esnob samar jar daitekeela musikarekin. Haren ustetan ona den hori goraipatzen beste edozeren eta edozeinen gainetik. Barru-barruan, ordea, badaki ez duela arrazoi, edo denok dugula nolabait. Otu zaio kalitatea emozioek ematen dutela eta ez birtuosismoak. Oker jotako zenbat akorderekin, zenbat eztarri desafinaturekin ez ote da hunkitu hamaika kontzertutan! Nor da bera Taylor Swiften kontzertuan berdina sentitzen duenari entzuten duena txarra dela esateko?

Teknikoki ez du tutik ulertzen, musika esperientziak eta zirrarak dira harentzat. Disko batek kalitatea duen ala ez esan baino lehen abesti andanak helarazten dizkion sentsazioak biltzen ditu. Musikak dena du subjektibotik, batere ez objektibotik. Abesti batek norbait pozik, lasai, asaldatuta, triste, kitzikatuta sentiarazten duen bitartean, nor da inor hari zerbait esateko entzuten duen horren kalitateaz? Musika dugun mundu petral hau baino hobea da, eta, bertara bidaiatzeko modu ezberdinak egon daitezkeen arren, denok dugu bertara joateko eskubidea kalitateak gora behera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.