BI AHOTSETARA

Mugak

2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Musika begiak itxita entzutean melodia eta akordeek dute protagonismoa. Gozatzen ari zaren momentu horietan ba al du garrantzirik musikariaren generoak? Orduan, begiak irekitzean zergatik bai?

Emakumezko musikari askori irakurri izan diet gizonezkoak baino epaituagoak sentitu ohi direla oholtza gainean. Horrek azaldu dezake gizon eta emakume musikarien arteko desoreka, gizartea bera desorekan eraiki den honetan ezin musikan ezberdina izan. Baina emakumeek agertoki gainean egin dezaketenaren eta ezin dutenaren mugak kanpotik bezain beste datoz barnetik. Gizonezkoek arrakastarako aukera gehiago dituztela izan da saldu zaigun ideia. Beraz, arrakastarako aukera gehien duela uste duen horrek izango du horretarako itxaropen handiena. Itxaropen handiena duena beti arriskatzen da gehiago, eta norbait arriskatzen denean gauza gehiago egiten saiatzen da; ondorioz gauza gehiago lortuz.

Emakumeei, musikaren munduan, beste leku askotan bezala, urteetan mugatu izan zaizkie beren aukerak, ia sinetsarazteraino gure lekua oholtzaren azpitik gainean dagoena mirestea dela. Mando Diaotaldearen kontzertu batean behin gizonezko batek galdetu zidan ea gustatzen zitzaidana ile beltzeko abeslaria ala ilehoria zen. Hain pentsaezina al da emakume batek kontzertu batera joan nahi izatea musika gustatzen zaiolako soilik? Barneratutako ideia horiek eragiten dute emakume asko konbentzituta egotea musikari izateko aukera urriagoak dituztela. Ondorioz, itxaropen gutxiago izango dute, gutxiago arriskatuko dira, eta beraz, gauza gutxiago probatuko dituzte. Maiz, generoa bera indarkeria da.

Egun, ordea, dudarik baldin bazegoen ere, azken urteetan loratu diren emakume musikariek frogatu dute generoak ez duela inongo gaitasun musikal berezirik ematen. Abesti batek zioen bezala, mugak gugan daude eta baita horiek hausteko nahia ere. Itxaropena eta arrakastarako nahia ere emakumeon eskubideak baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.