Gorka Erostarbe Leunda.
BI AHOTSETARA

Hamarkada (II)

2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun

Auzoko kafetegian baldintza lotsamangarri eta deshumanizatuetan lan egiten jarraitzen dute hiru zerbitzari emakumeek. Ez da estribilloa aldatu. Kafe gozoa gaur ere. Leihotik begiratu, eta ez dira ageri elizako teilatua konpontzen izan diren langileak. Amaitu dute obra, aleluiarik gabe. Leku komun bat habitatzea da musika, baina ez hori bakarrik. Kafearen gainean marrazki bat atera da marrazturik. Ez da bihotz bat, gehiago du akorde baten tipologia. Akorde bat alde batetik begiratua; deabru tankeratxoa, bestetik so eginda.

Kafetan murgilduta, pentsamendua iragan denborara joan zait. Hamarkada edo hamarraldi izan, ez du askorik inporta. Amy Winehouse eta Leondard Cohen, David Bowie eta Cesaria Evora, Prince eta Chavela Vargas, Bebo Valdes eta Xabier Lete, Paco de Lucia eta George Michael, BB King eta Juan Gabriel, Chuck Berry eta Lemmy Kilmister, Dolores o'Riordan eta Cecil Taylor, Aretha Franklyn eta Lucho Gatica, Keith Flint eta Joao Gilberto, Pedro San Martin eta Camilo Sexto, Lou Olangua eta Whitney Houston. Solomon Burke eta Aitor Sarasua, Lou Reed eta Ian Gibbons. Levon Helm eta Charles Aznavour. Rachid Taha eta Imanol Urbieta, Jon Zamarripa eta Hugh Masekela. Laja, Iñigo Muguruza, Daniel Johnston, Patxi Andion...

Zenbat bizi taupada joan dira haiekin, zenbat musika esperientzia. Zein eragin utzi ote dute gugan? Ba ote da neurtzeko modurik? Oroitzapenez harago, gure erritmo tempoetan txertatu ote dira guztiak... Zer marka utzi dute gure arima-soinetan? Elkartuko ote dira diren lekuan direla?

Auzokide batzuk gaude kafetegian, ezagun zein ezezagun. Musika goxoa irratian; ez dut ezagutzen. Tanatosi errepasoa eman diogu. Herio garaiak. Eros itolarrian da. Baina errepara diezaiogun bizian denari ere. Montoiarentzat, historia David Bowiek ilea moztu zuen egunean hasi zen. Niretzat, 2010eko hamarkada musikala Mursegoren Bi-rekin (2010) hasi zen, eta IbonRg-ren Hil zara-rekin (2019) amaitu da.

Emakume garbitzaileek ireki dituzte elizako ateak. Zerua gorri dago, nahiz eta garai apokaliptikoak izan. Bizi gara oraino; bi urte muga horien artean gauza asko gertatu dira; gauza asko eta ederrak eman ditu musikak ere...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.