Gorka Erostarbe Leunda.
BI AHOTSETARA

Bidegurutzean (eta III)

2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Hirunaka-hirunaka, bakarlariak, taldeak, gisa askotako musikariak elkar-gurutzatu ditu Bidegurutzean saioak asteazkenero, Euskal Telebistaren lehenengo katean. Urte askoko hutsunea betetzera zetorren saioa, oso urriak izan baitira telebista publikoan musikari buruzko saioak, are gutxiago zuzenean beren-beregi grabaturiko emanaldiak biltzen dituztenak. Oso urrun geratzen dira musikazalearen memorian, ia zokondoan, Popazoro (Kaki Arkarazok gidatua) eta Katukale (Edurne Ormazabalek gidatua).

Deabruarekin hizketan jarri ditu Galder Izagirre saioaren zuzendariak musikariok, eta euskal musika eszenaren —eszenen esan behar genuke akaso— erradiografia zabal samar bat osatzeaz bat, hainbat elkarrizketa iradokitzaile sorrarazi ditu. Estetikoki nahiz teknikoki, soinu zein irudi, gaindiezina iruditu zait saioa, bai kabina barruko elkarrizketetan zein handik kanpoko musikarien topaketa-emanaldietan. Aldika deabruak niri ere egin dit zimiko, ordea. «Tira, ondo, baina, nirekin izandako solasaldiek ez al dute hartu bide mistiko errepikakorra sarriegitan?». Alegia, zenbaitetan galdera zehatz-lurtarragoak izan ditut faltan, eta behin musikariak bidegurutzera ekarrita, zergatik ez jarri elkarri galde-erantzunez, zatiren batean bederen. Gauza interesgarriak aterako ziratekeen.

Abestien topaketa-gurutzaketan jo du goia saioak, nire irudikotz. Hiru artisten bidegurutze horretan gauza aski eder eta aberastuak atera baitira. Bi saioren faltan, gogoangarriak egin zaizkit, besteren artean, Mursegok, Vulkek eta Joseba Irazokik egindako piezen molde zein intentsitatea, Afrika Bibangek, Juantxo Arakamak, Lorea Argaratek eta Unai Muguruzak sorturiko atmosfera eta flowa, eta Belako, Sara Zozaya eta Amoranteren artean egindako azken honen Ama hil zaigu-ren bertsioa.

Egingarrien artean, faltan sumatu dut bidegurutzera musikari beterano gehixeago eta pop-rock ildo nagusitik kanpokoak ere ekartzea, kontraste politak sor zitezkeelakoan. Edonola den, saio mugarria begitatzen zait, eta oraindik, aukera emanez gero, bidegurutze gehiago sor ditzakeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.