Paule Bilbao Ajuriagerra.
BI AHOTSETARA

Pentsamenduen gatibu

2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Gaurko zirriborroa gutxienez hamar bat aldiz berregin dut. Neure burua zeharkatzen duten ideiak hutsalak direla sumatzen dut, muinik gabekoak. Ideia berri bat etortzen zait burura, baina haren garapena zehaztea oso zaila egiten zait. Lerro hauek idazten ari naizen logelan ia astebete daramat konfinatuta, gatibu. Lau pareta hauetara mugatu dut beraz nire bizitza egun hauetan. Nire burua ere konfinatuta aurkitzen da. COVID-19an positibo eman nuela ikustean eta astebete logela honetan geratu behar nuela ohartzean, neure burua ezagututa, aste hau probetxuzko zerbait egiteko erabili beharra neukan. Horrela, lokaletik gitarra hartu, eta abesti berriak konposatzeko asmoa nuen, baina hona hemen spoiler-a: ezinezkoa egin zait. Paradoxikoa badirudi ere, aste honetan zure ekosistema logela bat bihurtzen den arren, begi-bistaz estimulu askorik gabekoa, buruak asaldatuta funtzionatzen du. Pentsamendu intrusiboek behin eta berriz inbaditzen dute nire arreta, gainontzeko pentsamenduak lainotuz. Pentsamenduen arteko liskar horrekin ezinezkoa egiten zait gauza bakar batean fokua jartzea, eta, beraz, sormenari espazio seguru bat ematea. Hala ere, esan beharra daukat nire kasuan abestiak entregatzeko epemugarik ez daukadala, ezta presiopean jartzen nauen buruzagi edo managerrik ere... Ñabardura horrek sormen askatasuna nahiko mugatu edo bultzatu dezakeela deritzot.

Etengabeko tentsioa dago produktibitatearen eta sormenaren artean. Emankortasuna neurgarria da, sormena ez. Produktiboa izateko, zure lana eraginkortasunez planifikatu behar duzu. Sormen lanari ekiteko, ordea, lan sistematizatua alde batera utzi behar da, zurruntasunez behintzat bai. Zeure burua zerbait egitera behartzen duzun momentutik, sormen jarduera bat hizpide badugu gainera, askatasuna galtzen da. Espontaneoki sortzeko gaitasuna, beraz, galdu egiten da.

Modu sortzailean pentsatzeko, lehenik, muga horietatik kanpoko ezagutzak lortu behar dira, datu guztiak garrantzitsuak direla kontuan hartuta. Hala ere, une garrantzitsuetan sortzailea izateko, ezagutza-oinarri zabala izatea beharrezkoa da, eta hori da askok lantzeke daukagun zeregina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.