Ana Arsuaga.
BI AHOTSETARA

Perreoa eta pentsamendua

2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Aurrekoan Tolosan izan nuen kontzertu bat. Bertakoa naizenez, ezagun asko etorri zaizkit horren inguruan hitz egitera, eta, horrelako batean, pertsona batek zera esan zidan: «Zuk egiten al duzu dena? Edo norbait dago atzean?». Intentzio onenarekin galdetu zuen, jakin-minez. Horrek aste honetako zutaberako gaia eman dit.

Musikari bakarlaria naiz oraintxe bertan, beraz, bai, bakarrik konposatu, idatzi, abestu eta jotzen dut. Kontzertuetara bakarrik bidaiatzen dut normalean, eta bakarrik igotzen naiz eszenatokietara. Hau ez da zerbait heroikoa, ez da azpimarragarria, miresgarria; aldiz, bada ezohikoa den zerbait, eta pena da.

Gaiari pare bat hitz eskainiko dizkiot, esperientzia horrek ekartzen dizkidan ikaspenengatik.

Lehenengo esan nahi dut, feminismoari buruz, eskubideei buruz eta gabeziei buruz hitz egitea gauza bat dela, eta zerbait egitea beste bat. Hori guztiok dakigu, eta niretzat garrantzitsua da, ahal dudan neurrian, gehiago saiatzea egiten, hitz egite horrek ondorio bat izan dezan nire etorkizuneko bizipenetan. Hurrengo galderen aurrean, adibidez, erresistentzia eta aldaketa bat egiten saiatzen naiz, sortzen dudan lan musikal eta eszenikoarekin.

Dauzkadan musikari erreferente ia guztiak mutilak dira? Ikusten ditudan kontzertu gehienak mutilenak? Musikari emakume bakarlariak askotan banda batekin ateratzen dira agerlekura, edo baseak egiten dizkion norbaitekin atzean? Musikari emakumeak boteretsuak izateko figura kaltegabeak izan behar dira? Haien gorputza, begirada kanonikoz, hipersexualizaturik azaldu behar dute? Perreatu egin behar dute? Haurtxo baten kutsua izan behar dute? Edo begitarte alai eta argitsua izan behar dute, beti atsegin?

Orduan, beste zerbait erakutsiko dut, beste zerbaiten adibidea izango naiz.

Argi gera dadin, hori guztia oso ondo dagoela pentsatzen dut, baina ez aukera bakar moduan. Pentsalarien, artistaren figura jakitunen, errespetatuen eremuan, emakume musikari gehiago egon beharko liratekeela iruditzen zait; baina ez zirkuitu jantzietan —hor posibleagoa baita—, baizik eta eremu mainstream-an ere bai. Geure buruak serio hartu behar ditugula pentsatzen dut, behintzat —publikoki— gizonenak bezain serio, eta, horretarako, gure lekua hartu behar dugu, perreatzen bai, baina baita ere, askoren kezkarako, gutaz espero dena alde batera utziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.