Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Neurriko 'hunkigarrismoa'

2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ados nago Frances Danewort psikologoarekin (ez bilatu hari buruzko ezer Interneten, neuk asmatutako fikziozko pertsonaia da, aurrekoan esan nuen moduan): reality batean jende jatorregia ikustea kaltegarria izan daiteke ikuslearen autoestimuarentzat, batez ere autoestimu hori oso baxua den kasuetan, ikusleak, nahi ez badu ere, pantailako jende jator horrekin konparatuko baitu bere burua.

Ildo berean, esan beharra daukat justifikatua iruditzen zaidala hunkigarrismoak (Ana Malagonek asmatu zuen hitza, Beñat Sarasolak dokumentaturik duenez) euskal txio-herriaren zirkuitu batzuetan duen ospe gaiztoa; eta ez zaidala parte onekoa iruditzen euskaldunok geure burua «superpotentzia emozionala» garela sinistu eta aldarrikatzea (Jon Maia bertsolariak plazaratu zuen esamolde hori, oso une hunkigarrian plazaratu ere), eta hobe genukeela, beste oilar batek egingo ligukeela kukurruku, geure hizkuntzarekin eta gure kulturarekin gutxiago hunkitu eta horiek indartzeko ahalegin handiagoa egingo bagenu une hunkigarrienetatik aparte, egunerokotasunik apal eta zapalenean.

Hala eta guztiz ere, zer nahi duzue esatea!, zertan ukatu!, gustura, eta tarteka malkoen mugetaraino hunkituta, ikusi ditut Itzulera saioa osatu duten zazpi atalak. Neurriz kanpoko espanturik eta harrokeriarik gabe, apal eta onest ireki dizkigute beren bizitzaren ateak, kirol bizitzarenak zein bizitza pertsonalarenak, Xabier Mikel Errekondok, Arantxa Orbegozok, Imanol Agirretxek, Oskar Lasak, Nagore Osorok eta Markel Irizarrek, Agustin Ezenarrok koordinatu eta aurkeztuta —ederra kuadrilla!—, eta taldeko kide sentiarazi gaituzte ikusleak une bat baino gehiagotan.

Hunkigarrismoaren arriskuez kontziente izanagatik ere, ez dago gaizki noizean behin geure buruak haren besoetan abandonatzea, tentuz eta gaindosirik gabe eginez gero bederen, eta horretarako oso saio ederra izan da Itzulera.

Azkenean, Markel Irizarrek planteatutako erronkari aurre egin ezinik utzi ditu taldekideak COVID-19ak, Bilbo-Bilbo txirrindularitza martxako 125 kilometroak egin gabe, baina, horrelakoetan gertatu ohi denez, bidea izan da garrantzitsuena, eta bidean, beti bezala, pertsonak. Eta horiek ez dute hutsik egin Itzulera-n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.