BI AHOTSETARA

Eulien burrunba

2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Ezinbestean, urtearen errepasoa egiten aurkitu dut neure burua. Disko onenen zerrenda ugariz inguraturik, ezin saihestuzkoa da atzera begira jartzea. Betidanik, nahiago izan dut guztia musikaren bitartez ikasi. Maitasuna bezalako sentimenduak ezagutzen eta sentitzen irakatsi didate hainbat eta hainbat kantuk, baina baita amorrua, tristura ere... eta nola ez, denbora gelditzen gustuko akorde bat entzun eta begiak ixtean. Baita hegan egiten ere, eta aldi berean, hankak lurrean mantentzen, inguruarekiko kritikoa izanez.

Entzule adina esanahi izan ditzakete abestiek, eta elkarrekintza hori magikoa da. Haatik, kantuak eulien modukoak iruditzen zaizkit, betidanik gogoratzen ditut nire inguruan hegaka, nire kaka xurgatzeko beti prest.

Aurtengo kaka gehiena Idles taldearen lan berriak xurgatu du, erakutsiz poza erresistentzia modu bat ere badela. Esango nuke poz hori bera helarazten dutela Kvelertakoek zuzenean, edo hori da, behintzat, nik sentitu nuena fokuen azpian izerditan blai beren musikarekin saltoka nengoela. Baina aurtengo zuzenekoetan didaktikoena Olafur Arnaldsena izan da, bere musikarekin isiltasunak duen indarra entzunarazi baitit.

Musikak bere forma guztietan ilusioa oparitu izan dit, eta baita kuriositatea piztu ere. Beti olatu onenaren bila dabilen surflaria banintz bezala, beti nabil, abestiz abesti, emozioen paleta zein anitza den berrikasten. Mugaz eta hormaz beteta dagoen mundu honetako murruak sentimenduekin eraitsi daitezkeela irakatsi dit, zaurgarritasunaren garrantzia azpimarratuz.

Musika emozioa baita beste ezeren gainetik, eta sentitzea bera batzuentzat deserosoa den garai honetan, sentimenduak adierazi eta akorde bidez zabaltzea iraultzailea da.

Musikaren baitan elkarrekinbizitakoa ez digu inork kenduko, beude musika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.