BI AHOTSETARA

Hatz-markak

2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Hor nonbait irakurri dut biblioteka bat ia hatz-markak bezain pertsonala dela. Tanpez otu zait bizitzan zehar entzuten ditudan disko zein abestiak ere hala direla. Hamaika egoera eta aldartetan lagun izan ditut; mantra baten moduan melodia eta hitz berberak errepikatzen, zer naizen baino gehiago, nolakoa naizen esaten etengabe.

Ohartu naiz bizitzan egindako musika aukeraketek asko esaten dutela nitaz. Behin eta berriz bueltatu naizen disko horiek nolabait, naizenaren edo izan nahiko nukeenaren oroigarri dira. Horregatik maitatzea zer den gogoratu behar dudanetan, Mcenroe jartzen dut; nerabezaroko inozentzia faltan sumatzen dudanetan System of a Down-en Toxicity entzuten dut, edo Refused-en The Shape of Punk to Come eta segidan Berri Txarrak-en Libre, Incubus-en Morning view ala Deftones-en White Pony; eta saltoka hasten naiz ispiluari abesten.

Mundutik deskonektatuz, nire barneko zoko esploratu gabeak bisitatzeko Explosion in the Sky jartzen dut, begiak itxi eta unibertso berriak ezagutzen ditut.

Errealitate krudelari begietara begiratzeko ausardiarik ez dudanetan berriz, Anariren hitzek euren gordintasunez animatzen naute, eta, galduta nagoenean, Lisaboren Ezlekuak buklean entzuten dut: Bizirik darraien distantzia heriotza da!

Amaz oroitzen naiz Rammstein-en Mutter entzuten dudan bakoitzean, eta orduan ezinbestean Ezra Furmanen The Year of no Returning jarri behar izaten dut, nostalgiak irribarre bat lapurtzen didan bitartean. Death Cab for Cutie-ren Transatlanticism abestiak, berriz, oroitarazten dit ondoan ditudan pertsonen falta sumatzea askoz ere tristeagoa dela. Halatan, gogorarazten naiz neure burua maitatzen ikasi behar dudala lehendabizi, Matt Maltesseren In a New Bed EP sentsualak limurtzen nauen bitartean.

Zenbat hasperen, zenbat irribarre, zenbat malko, zenbat dantza nire gelako lau hormen artean. Bakarrik, musikarekin hunkituta, pasatu ditudan une horiek naiz ni. Batez ere une jakin horiek naiz benetan ni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.