Lide Hernando.
BI AHOTSETARA

Normaltasuna itzultzean

2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Zentzu batean, egun polita izan zen joan den irailaren 17a. Behingoagatik, estatu mailako kultur sektorearen espektro guztia ados jarri zen COVID-19ak eragin dituen neurri murriztaileen aurka protesta egiteko. Management enpresetako langileak, promotoreak, zuzeneko eta estudioetako teknikariak, argiztatzaileak, kontzertu argazkilariak, catering enpresetako langileak... denak borroka amankomun baten inguruan bildu, eta flightcase-ak (kontzertuetarako materiala gordetzeko erabiltzen diren kaxa gogorrak) arrastaka eramanez, penintsulako hamaika hiritan egin zituzten manifestazioak.

Zerbait sumatu duzue faltan? Suposatzen dut baietz. Bai, artistak bertan ere bazeuden; tira, gehienbat sare sozialetan, egoera salatzeko hondo gorriko argazkiak argitaratzen eta euren egoeraren prekaritatea munduari azaltzen. Eurak direlako kulturaren espektro guztiaren mundurako bozgorailu.

Guk ere argitaratu genuen gure argazki gorri eta testu aldarrikatzailea. Guk ere bat egin genuen borroka horrekin. Baina, egun osoan, buruan zerbaitek ez zidan utzi errealizatuta sentitzen.

Orain, inoiz baino gehiago egin behar dugu bat kultur sektoreko espektro guztiak. Inoiz egin ez dena egiteko momentua da hau. Alta, ezin dut pentsamendu bat saihestui: kulturaren prekaritatearen arazoa ARAZO bihurtu dela, orain arte kobratzen zuten horiek kobratzeari utzi diotenean.

Euskal Herrian, COVID-19 aurreko garai normaletan, artiston ehunekorik handienak ezin izan du ofizioa monetizatu, eta beste lanbide batzuk bilatu beharrean aurkitu dute euren burua. Kexa eta kexa aritu dira urte luzez; borroka amaigabe batean sartuta. Benetako arazoa, ordea, pandemiaren aurrean gobernuak egindako ez ikusiarena eta hartutako neurrien ondorioz artistok ez ezik gainontzeko langileek ere enplegua eta dirua galdu dutenean iritsi da.

Behin bati entzun nion esaten: Ā«Musikaz bizi nahi baduzu, aukera ezazu diziplina horren inguruko edozein ofizio, musikari izan ezikĀ». Arrazoi zuen. Orain, ez musikariek, ez musikaren sektoreko langileek ere ez dute lanik. Soilik gauza bat eskatu nahi nieke artista ez diren kultur langile guztiei: egoerak berriz ere normaltasunera egiten duenean, borrokan jarrai dezazuen gurekin batera, artistok ere gure ofizioaren bitartez bizitza duin bat izan dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.