Paule Bilbao Ajuriagerra.
BI AHOTSETARA

Bihotz puru bat

2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Doluak bere horretan segitzen du, baina hurrengo fasera pasatu da: galera erabat onartu ostean, urraduraren ondorengo barealdia iristen da. Nick Caveren kasuan, nolabaiteko transzendentziaren bilaketa aringarri moduan. Tunelaren amaierako argia. Oso luzea izan daitekeen tunel ilun eta zaratatsua. Badira zalantzan jartzera ere ausartzen ez direnak. Ahotsek tuneleko paretetan talka egiten dutenean sortzen den eztanda mingarria jasateko gai ez direnak. Erraietan sentitzen dugun bihozmina hitzetan janztea ere ezinezkoa egiten zaiena. Azken finean, norbait jaio al da heriotza eta denbora kudeatzen jakiteko jarraibideekin, heriotzak ahalik eta modurik krudelenean gauzen ibilbide naturala aldatu dezakeenean?

Nola saihestu dezakegu seme-alaba baten galerak sortutako shock izugarri batek gure bizitzaren erdigunea hartzea? Nola gainditu mina, absentzia, galera? Askotan ezinezkoa bada ere, sorkuntzan murgilduz ihes egiteko, eta sormena exorzismo pertsonal gisa erabiliz. Horixe adierazten digu Cavek bere lan bikainean. Heriotzak bere ibilbideko —baina baita musika popularraren azken urteetako— disko lazgarrienetako bat osatzera eraman zuen. Nebulosa instrumental xurgatzaile horrekin, Ghosteen-ek zirrikitu txiki bat irekita uzten zuen iluntasun betean argi izpi bat ateratzeko. Izaki bizidun bat hildakoen lurraldean mamu bihurtuta amets egitea bezalakoa zen, dagoeneko ez daudenen eta oraindik joan ez direnen artean lurralde partekatua aurkitzeko.

Spinning Song abestiaren hasiera goibelak hurrengo esaldiarekin eman dio hasiera Ghosteen diskoari: «Bakea iritsiko da guretzat». Eta beste esaldi honek ematen dio amaiera diskoari: «Bakea noiz iritsiko den zain nago». Hasierarik eta amaierarik gabe, Ghosteen disko zirkularra da; erruduntasuna, pena eta erredentzio hatsa erakusten ditu paisaian. Gaur, inoiz baino indar handiagoa du Nick Cavek. Nola bidaiatu daiteke berriro paisaia horretatik? Nola sinets daiteke bihotz puru batean, kaosa nagusi den lurralde honetan? Noiz iritsiko da bakea? Nick Cavek bakarrik ezagutzen du horren pisua eta horren esanahia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.