Jon Pagola.
BI AHOTSETARA

Txip matxiruloa

2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Nuevo Catecismo Catolicoren 30 urtetik gorako ibilbidea borobiltzeko, hurbileko lagunak bildu zituzten atzo, larunbata, abenduak 17, Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean. 90eko hamarkadaren hasieran Buenavista gunean punk-rockaren hazia erein zuen taldearekin batera, Surfin Kaos, Flash eta Stupid People Fuckin aritu ziren. Intxaurock izeneko jaialdia Dkluba udal musika zirkuituaren barnean da. Purple Weekend festibala, aldiz, Leonen ospatu zen, hilaren hasieran, eta mod mugimendua islatzen duen erakustokia da. 60ko hamarkadan inspiratutako hamalau taldek bat egin zuten musika jaialdian, eta, aldi berean, argazki erakusketak, liburu aurkezpenak, mahai inguruak eta bestelako ekitaldiak egin ziren Gaztela eta Leoneko hirian, abenduaren 8tik 11ra arte. Hirugarren adibide bat: oro har punk-pop eta powerpop doinuak uztartzen ditu Fuengirolako (Andaluzia) Cala Pop Weekend festibalak. Irail bukaeran egin zuten jaialdia eta oholtza gainean hamabi talde izan ziren guztira, horien artean The Yum Yums norvegiarrak.

Zer dute komunean Intxaurockek, Purple Weekendek eta Cala Pop Weekendek, beste askorekin ez dutena? Talde (ia) guztiak gizonezkoenak izan direla. Errealitatea hau da: emakumeen presentzia guztiz anekdotikoa izan da. Genero ikuspegia ez dute batere txertatua egitarauak antolatzerakoan. Hutsunea eskandalagarria da jaialdi horietan: 30 taldetik, eskuko bost hatzekin kontatu daiteke nesken parte hartzea. Nola da posible? Zer demontre, atzeraka goaz?

Urruti da parekidetasuna rock-and-roll eta sixties estiloko eszenan. Nagusiki gizonek sortu eta sustatu duten mugimendua dela esango dute batzuek agian, baina ukaezina da emakumearen protagonismoa rockaren historian, bai lehen eta bai gaur egun ere. Txip matxiruloa aldatu behar da errotik, eta aurrera. Zorionez, errealitate aurrerakoia ikus daiteke hainbat musika emanalditan, eta beste asko berdintasunaren aldeko hautua egiten ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.