BI AHOTSETARA

Atzera goaz aurrera ez bagoaz

2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Ikerketa baten arabera, 33 urtetik aurrera musika berriaz interesatzeari uzten omen diogu, eta ikusirik azkenaldian, euskal musikaren barruan, beren ibilbidea aspaldi utzitako taldeak berpizteko dagoen joera, galdera ezinbestekoa da: euskal entzuleria zahartu ote da?

Nostalgiaren labirinto zirkularrean, irribarre bat atera digu Hemendik At-en abesti onenen eta karaokeko bertsioak dakartzan diskoak, La Polla Records-en itzulerak BEC bera gaztetxe erraldoi bihurtu du, Hertzainak-en abestiak abesteko goraino bete zen Kafe Antzokia, eta Dut taldearen liburua ziur Durangoko Azokako erosleen zerrenda askotan ezinbestekoen artean dagoela.

Bitartean, Pelaxek esperimentu ezin interesgarriagoa egin du AB eta DE disko bikoitz berezien bitartez, Physis versus Nomosek urteko diskorik borobilenetako bat argitaratu duela iruditzen zait, Liherren zuzeneko indartsuek ez dute iraganekoen inbidiarik, eta beste hamaika talde ere ari dira beren bidea egin nahian. Nire duda da norbaiti axola ote zaizkion. Euskal musikaren iragana oparoa izan zen, hori ez dago ukatzerik, eta hor edukiko ditugu disko eta abestiak eskura nahi ditugunean entzuteko, baina beharrezkoak al dira berpizte hauek? Nostalgia pozoia da kasu honetan, izan ginen horren inbidia, triste jarri baina aldi berean lasaitzen gaituen droga. Sorrentinok La Grande Bellezza filmean zioen nostalgia distrakzio bakarra dela etorkizunean sinisten ez duenarentzat.

Nola edukiko dugu ba etorkizunik atzerabegiratu besterik egiten ez badugu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.