gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Erromantikoak eta ni

2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Auzoko kafetegian sartu orduko La Bien Querida entzun dut irratitik; Me muero de amor kantuan ari da. Kafea eskatu dut eta leihotik kanporantz begira jarri, plazer erlaxatuzko bisaiarekin. «¡Es bien bonita la canción, eh!», gaztigatu dit Rosa zerbitzariak. Zerbait ezagutzen nau dagoeneko, nire golkorako «Bai, ondo dago, nahiz eta mezua...», atera zait, ia modu automatikoan desenkusaren leloa; badakit iragarki batean entzuten dudala ia aldi oro, San Valentin egunerako iragarkian. Eta nola onartu...

... kantua gustuko dudala, Ongi Maitatuaren beste hainbat eta hainbat bezala, nahiz eta jakin ez duela prentsa onik egun maitasun kantuen fonotekak, are maiteminduen egun ditxosozkoaren ingurumari honetan. «Merezi ote du maitasunagatik hiltzea?», ausartu naiz Rosari galdetzen. «Bueno, es un decir, ¿no? Es una canción...», hark. Garai batetik hona, maitasun erromantikoaren desmitifikazioa indarra hartzen hasi zenetik gutxi-asko, lehen asko gozatu, sentitu, kantatu eta azal-mamitutako kantuekin ezin gozatu nabilela, neure buruari plazer galga prebentibo-ideologiko bat jarriko banio bezala... ez ditut modu berean belarriratzen orain Stevie Wonderren I Just Called to Say I Love You,Nick Cave eta PJ Harveyren Henry Lee, Chavela Vargasen El último trago edo Anariren Zure ertza.

Leihotik begira egin dut gustuko maitasun kantuen zerrenda, eta galera handiegia haiekin lehen bezala ezin gozatu ahal izatea. Eta etorri zait maitasun erromantikoa deitua zalantzan jartzeak ekarri digula onurarik, bestearekiko posesio sentimendua, kontrola, nor izateko bestearen beharra eta abar zalantzan jartzen dituen heinean... Baina, kontra-argudioa ere bai; arbuiagarri den hori guztia ez ote den matxismoaren edo kontsumo gizartearen lorratza, eta ez erromantikotasunarena berarena. Sentimenduen, norbere autonomiaren eta puntu ez-komunen aldarria egiten bazuten erromantikoek, agian has gintezke beste irakurketa batzuk egiten ere. Aldamenekoa maitasun erromantikoz hartzea bezala musika maitasun erromantikoz entzutea izan daitezkeelako bestearekiko sentimendua pasioz, enpatiaz, errespetuz zein askatasunez bizitzea.

Rosari kafe hutsa ordaindu diot: «Bai, kantu ederra da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.