gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Musika eta kultura

2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun

Herrikidea ez ezik, kultur elkarte, kezka eta eztabaida kidea dut Antton Iturbe musika kazetaria. EITB kultura telebista saio arras interesgarri eta bakanean musika eta zinema gomendio aski interesgarri eta bakanak egin berri ditu; eta barrenean oihartzun sakona utzi didan adierazpen konbikzionala ere bai: «Musika ez da soilik gau girokoa edo parrandarakoa, musika kultura ere bada», halako zerbait gutxi-asko. Eta piztu egin nau, eta kirrinka egin dit. Neronek ere ziur aski behin baino gehiagoatan erabilitako baieztapena delako, eta gaur egun, bere horretan esatea eta defendatzea puskaz gehiago kostatzen zaidalako. Agian da bizipenen kateatzeak ikusmoldea aldatu izana, agian da pandemia/sindemia honen tristezia orokortuak eragindako elkartzeko behar erraietakoa. Baina neure buruari galdetzen diot parrandaz eta gauaz haragoko zerbait dela esaten nuenean benetan zer esan nahi nuen. Ze akaso kentzen diogu potentzialitatea ondo pasatzeak, elkarrekin dantza egiteak, gorputzen gertutasun kolektiboak, traszendentziaz ahaztuta gertatzen ari denaz hezur-haragiz gozatzeak zerbaiti, norbaiti konektatua, heldua sentiarazteko. Eta hori asko da. Hori bizitza da. Eta hori ere kultura ez ote da? Eta bestela, gure kritikotasunean kultuan gozo geratzen den klub berezi baten —baina, azken batean, sarri bakanduta— kide izatea baino lortzen ez ote dugun... Galderak dira, barnean dantzan dabilzkidan galderak, Antton lagunak berriro piztu dizkidanak. Eta nago, erantzunaren gako-izpi batzuk bederen ematen dituztela garaian-garaian eta lekuan-lekuan parrandarekin, gauarekin, parte hartze kolektiboekin lotura izan duten musika genero-mugimenduek, hala nola disco musikak, eurodanceak, trikiti-erromeriek, auzoetako runba kartzelarioak, techno-bakailauak edota oraintsuko reggeaton-trapak... Guztiak ere molde bateko edo besteko destaina jasan dutenak, baina gorputz-arima asko piztu, poztu eta puztu dituztenak. Errezeloa baitut —ez da baieztapen batere zientifikoa—aurreasmo artistikorik gabeko espresabide musikalek ere gorpuzten eta ordezkatzen dutela kultura, edo kulturaren parte bat. Eta ez txikia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.