Paule Bilbao Ajuriagerra.
BI AHOTSETARA

Gure salbamendu txalupa

2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Sormena, askoren salbamendu-txalupa bihurtu izan dena bizitzaren parte handi batean. Artea eta haren efektu terapeutikoa. Askotan aipatu eta landu izan dudan gaia. Maila pertsonalean nolabaiteko aztarna utzi duelako, edo maila akademiko eta profesionalean, egunero honen eragina aztertzen eta behatzen dudalako. Nola edo hala, bizimodu azkar honen gertakizun, informazio, bizipen, sentimenak... digeritzeko beharrezkoa dela ikusten dut; era batean edo bestean, guztiok gure salbamendu-txalupara igotzeko beharra sumatzen dugu. Bakoitzak bere modura, bere barrenak entzunez eta bere beharrak identifikatuz.

Artearen bidez, gai gatazkatsuekin harremanetan jartzen gara; sormen-joera baten bidez eduki subjektibo jakin bati forma emateaz gain, beste norabide batzuetan ere birkonfiguratzen. Hots, sormena tresna gisa eta eraldaketa subjektibo gisa ulertuta. Artearen hizkuntzak gure barne esperientziak islatzen ditu (askotan hitzezko hizkuntzak baino hobeto), eta fenomeno subjektiboen kontzientziaren hedapena baimentzen du.

Adierazpen-esperientziaren bidez, prozesu horretan sentitzen dugunaz ohartu gaitezke eta zerbait egin dezakegu, zentzuzko beste edozertaz ordezkatuz. Beraz, gizakion ikusmolde estetiko bat da, gure burua sortzeko eta birsortzeko gai gisa ikusia, etengabe garatzen ari den izaki bat, artea prozesu horren katalizatzaile bihurtuz. Adierazteko eta, ondorioz, munduan egoteko modu desberdinak esperimentatzeko aukera ematen digu.

Beraz, edozein adierazpen artistiko munduari egiten diogun opari atenporal bat da. Urteak igaro arren, une haren oroitzapena bere horretan mantenduko da, momentuaren erradiografia estetiko emozionala bihurtuz.

Eta hau da artearen magia. Garai hartan gure erraiek oihukatzen zutena azaleratu genuen. Orain, aldiz, momentu zehatz hori birbizitzeko aukera eskaintzen digu artelanak, hazi eta garatu den pertsona baten perspektiba ezberdinarekin. Finean, gure bizitzaren bidea eraikitzen joan garen heinean, sortu ditugun aztarnak dira, atzera begirada bat eginez hor zurrun mantentzen direnak, nor garen egunero gogoratzen digutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.