Ana Arsuaga.
BI AHOTSETARA

Zure begiak ez dira itsasoa

2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Metaforaren existentziari buruz zalantzak zituela esaten zuen Cristina Morales-ek, bere Últimas tardes con Teresa de Jesús liburuko Juan Bonillaren hitzaurrea aipatuz, irratsaioren batean. Hitzaurre honetan esaten zen, besteak beste, Santa Teresaren testuetan metaforikoki ulertutako esaldiak zeudela, adibidez, Santuak «Jainkoaren musu bat ahoan» nahi zuela idaztean; eta defendatzen zen, hori zela esan nahi zuena zehazki; hau da, Santa Teresak, Jainkoaren musu bat literalki ahoan nahi zuela.

Hau, nolabait, oso zentzuduna iruditu zitzaidan. Oroitzen dut metafora bat zer zen azaldu zigun lehendabiziko irakaslearen adibidea hurrengo esaldiarekin izan zela: «Zure begiak itsasoa dira». Kontatu zigun hitz horiekin poetak esan nahi zuena zera zela, pertsona horren begiak urdinak zirela. Niri, timo bat iruditu zitzaidan azalpen hori, murrizketa galanta. Lehenengo hitzek iradoki zidatenak ez zuen zerikusirik esanahi sinple horrekin. Banekien, begiak, begiak dira eta itsasoa, itsasoa. Zure begiak ez dira itsasoa, ados. Baina, pentsatu nuen, hala ere, begi horiek urrutiago zihoazela, ez ziren urdinak bakarrik. Nahiz eta esfortzua egin, ordea, ezin nuen azaldu zer gehiago ziren, nola zabaltzen zen lehenengo hitzekin begien nortasuna, eta nola eusten zion irakasleak gogo horri, interpretazio horrekin.

Musikak, arteak, bilatzen duten forma propioarekin gertatzen den bezala, metaforak lengoaia zehatz bat bilatzen duela iruditzen zait, zehatza bezain asmatua: benetan esan nahi duenarekiko zehaztasuna bilatzen du; aurrez aurre dugun errealitatearekiko zenbait lege trukatuz. Eta horrela iristen da, musika bezala, sentsazio jakin batzuk izugarrizko errealitatez berpiztera. Prozesu bat-batekoa den arren, konplexua ere bada; hor, abestia entzuten, jasotzen duzu esanahia, modu guztiz zuzen eta errealean, eta badakizu, ulertzen duzu, begi batzuk izan daitezkeela itsasoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.