Xarles Bidegain. Euskaltzaina

«Euskal Herritik kanpo abertzaletu nintzen, gazte anitz bezala»

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa du Bidegainek «altxor» preziatuena; orain 33 urte inguru hasi zen horretan, hastapen eta traba «zailak» tarteko. Irakasle ere izan da, formakuntza «ona» erronka zuela.
BOB EDME

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko urtarrilak 7
Manex Goihenetxeren hitzekin bat egiten du Xarles Bidegainek (Baiona, 1947): «Hizkuntza baten etorkizuna hirian dago». Arranguraz begiratzen dio euskararen etorkizunari, batik bat Ipar Euskal Herrira so denean. EHHA Euskararen Herri Hizkeren Atlasarekin milaka hitz bildu ditu, eta hamaika istorio jaso. Urtetik urtera lau kiloko liburu mardul bat argitaratzen du Euskaltzaindiak, eta oraindik beste hamasei kilo gelditzen dira. Atlasa erabiltzea ez dela erraza aitortu du euskaltzain osoak, eta hori dute erronka, «altxor» hori behar bezala dibulgatzea.

Baiona. Zer esanahi du zuretzat?

Hemen gara San Andres plazan, eta oroitzen naiz gazte denboran plaza honetan barnealdetik etortzen ziren autobusak biltzen zirela ostegunetako merkaturako. Beste kolore bat eta beste soinu bat hartzen zuen Baionak, barnealdeko jende anitz euskaraz mintzatzen baitzen. Aldiz, Baionan, baziren familia anitz barnealdetik etorriak, eta elkar ezagutzen genuen, baina erdaraz egiten genuen, jakin gabe ere euskaraz zekiten edo ez.

Baiona hiriburua aipatzen da, beti horrela izan da, eta beharbada lehen Baionak bazuen halako nagusitasun bat Miarritze eta Angelurekin, eta ematen du diferentzia hori txikitu dela. Hala ere, kultura aldetik pisua duena Baiona da.

Eta euskararen aldetik?

Gauza batzuk gertatu dira hemen nehor ohartu gabe. Adibidez, aurten Euskaltzaindiak euskara batuaren 50. urteurrena ospatuko du. 1968ko maiatza famatua izan zen, eta Arantzazun udazken horretan Euskaltzaindiak oinarriak eman zizkion euskara batuari, baina ahazten da lau urte lehenago bilkura batzuk hasi zirela hemen. Pisu handikoak izan ziren; alde batetik, bazen hemengo jendea, eta bestaldetik etorritakoak, adin eta ideologia desberdinekoak. Aitortu behar zaio, eta beharbada ez zaio aitortu behar zen bezala, hemen bazen Txillardegi, errefuxiatua, intelektuala, eta berak anitz-anitz egin zuen euskara batuaren alde. Daniel Landart, Gexan Alfaro, Andiazabal apaiza eta ahazten ditudanak. Bestalde, Monzon bazen, orduan EAJkoa, eta noizbehinka Laffite. Batuaren oinarriak jadanik aipatuak izan ziren Baionan, eta uste dut hori beti ahazten dela eta euskarak izan duen martxatik kanpo izan dela Baiona, eta ez da horrela.

Sorterria Baiona izan bazenuen ere, ezin uler daiteke zure haurtzaroa Oztibarre gabe.

Hiru hilabeteko oporrak izaten genituen, beraz, 90 egun, eta guk 99 egun hartzen genituen. Horrek markatu nau nahitaez; han herri txiki batean izan nintzen, zernahi egiten, eta, alde horretatik, haurtzaro polita izan dut.

Bestalde, ikasketak egiten hasi nintzelarik, Okzitaniako Tolosan, han irakasle bat izan nuen, Allieres [Jacques] deitzen zena; berak bereziki euskarari buruz lan egiten zuen, eta harekin hautatu nuen Oztibarren erabiltzen den aditza ikertzea. Gerora tesia ere Oztibarreko lexikoari buruz egin nuen.

Bertan ezagutu zenuen abertzaletasuna?

Unibertsitatean ibiltzen ziren gehienek Bordele hautatzen zuten, baina nire aurreiritziengatik Bordele ez zitzaidan gustatzen, eta Tolosara joatea erabaki nuen. Hemengo jendeak ez ziren hainbeste, baina baziren bi talde; alde batetik, letretan ibiltzen zirenak, eta, bestetik, ingeniaritza agronomoa egiten zutenak. Animazio txiki bat ere bazen, euskal dantza talde batekin. 68ko udaberria garrantzitsua izan zen begiak irekitzeko, eta honat jiten ginelarik ikusten genuen mugimendu hori marjinatua zela, ez zela ulertzen. Ni Euskal Herritik kanpo abertzaletu nintzen, hemengo gazte anitz bezala. Kanpoan nintzen ohartu bazela Euskal Herria, euskalduna nintzela eta bazela problematika bat. Bestaldeko mugimendua ez genuen anitz ezagutzen, hemen gehienbat Enbata zen. Ni ez nintzen luzaz ibili Enbata-n, beste talde batzuk sortu baitziren.

Aipatu izan duzu anitzetan norberak bere bizitza narrazio bat izan balitz bezala ikusten duela.

Bai, gertatzen dena da ni ez naizela narratzaile, ezta idazle ere. Oroitzen naiz tesia egin nuelarik banuela irakasle bat landestarra, eta hark esan zidan anitzetan ikerketak narrazio baten itxura hartzen zuela; egia da. Irakurtzen badituzu oraingo ikerketa lanak, irudi luke dena horrela gertatu behar dela, eta anitzetan ohartu naiz nik pixkanaka deskubritzen ditudala gauzak, eta erretorika ere hala da.

Zure bizitzaren narrazioa beti euskarari lotua izan da, hala ere.

Erran nezake orain gehiago. Tolosan bazen hirukote bat Allieres, Jean Seguy eta Xavier Ravierrek osatua, eta haiek lan gaitza egin zuten Gaskoiniaren atlas linguistikoa eta etnografikoa osatzen. Helburua herri anitzetan ibiltzea zen, hartzea nola erraten ziren gauzak eta mapa osatzea. Pentsatu nuen hemen hori egitea posible zela. Luzaz kalamitate bat izan da, nehork ez zuen sinesten, nik eta nire lagunek ez genuen indar instituzionalik horren oinarriak behar zen bezala landatzeko. Azkenean, Euskaltzaindiak bere gain hartzea lortu genuen. Euskaltzaindiaren minbizia ere deitua izan zen, eta orain ere entzuten dut.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) hastapenak ez ziren errazak izango, beraz.

Hastapenean beharbada lotua izan zen lehen aipatzen zenuen narrazio batekin; pentsatzen zuten fantasia hutsa zela. Hastapena ez zen erraza izan, ez. Altxor bat bildu dugu hala ere.

Zenbat bidaia, zenbat istorio...

Orduak eta orduak pasa ditut jendearekin mintzatzen. Anitz ikasi dut, eta nire bizitzako urterik interesgarrienak izan dira.

Badut lagun bat, Gotzon Aurrekoetxea, biziki antolatua, dena markatzen genuen: zenbat kilometro egin genuen —ez dut jakin nahi—, zenbat auto, hiru... Iluntzetan joaten ginen etxeetara, bertan lo egin batzuetan, eta lekuko batzuk hamargarren galderan lokartzen ziren; landako lana egiten delarik hori normala da. Lehendabiziko momentuak zailak ziren, inkesta egin aitzin bereziki: nor zaren, zer zaren, zertara heldu zaren... lehenik hori dena argitu behar duzu. Anitzekin 30-40 oren grabatzen egon naiz, eta azkenean lagun bilakatzen zara. Nire lana hitzak edo objektu linguistikoak biltzea izan da, baina ahal zela molde natural batez.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa bezala ezagutzen da egun, baina izen horretara iritsi aurretik izan dira hainbat gorabehera tarteko.

Hastapenean, Euskal Herriko Atlas Linguistikoa eta Etnografikoa zen. Jendeak badu aktibitate linguistiko bat, baina gero hitz horrekin badute jakitatea, jakitate hori etnografikoa edo ez berdin zait. Hortako, euskaltzain batzuek erran zuten etnografikoa kentzeko. Horrez gain, proiektua diruztatzen zutenak Euskal Gobernua eta Nafarroa ziren, eta Nafarroakoek ez zuten onartzen Euskal Herria hitza. Haritxelarren denboran izan zen hori. Pegenaute, kulturaz arduratzen zenarekin luzaz negoziatu zuten; haiek ez zuten nahi Euskal Herriko mapa bakar bat izatea, Nafarroa beste liburu batean agertzea nahi zuten. Atlasa ikusten badugu, Nafarroa marra lodi batez markatua ikusiko dugu. Proiektu zientifikoa zen, baina, hizkuntza aipatzen delarik, badu bere alderdi politikoa erranahi zabal batean. Abentura hori horrela bukatu zen, mapa bakar bat lortu genuen, beharrik, baina Nafarroa marra lodi batekin bereizita. Euskal Herria hitza, bistan dena, desagertu zen, baina guk markatu genuen laburdura hori, EHHA, mantendu nahi genuen, EH hori salbatu behar zen.

Bestelako oztoporik izan zenuten?

Denbora batez ez zuten nahi nik muga pasa nezan; lan egiteko handik ordaindua nintzen, eta mugaz gaindikoa izateko arazo txiki batzuk izan nituen. Konpondu zen. Bestalde, merezimendua izan dute euskaltzain batzuek gure taldea zuzendu behar baitzuten, eta ez da beti erraza izan.

Orain hilabete batzuk atlasaren zortzigarren liburukia aurkeztu zenuten. Badoa pixkanaka.

Orain umea gutxi gorabehera urtero egiten dugu; beste lau liburuki falta dira oraindik. Dena idatzia da, nahiz eta erraten dugun atlasa ahozko euskara dela. Beraz, jendeek zer erran duten hasi gara entzunarazten; bada talde bat Bilbon horretan dabilena.

Esan izan duzu badela pentsatzen duenik ere atlasak ez duela laguntzen euskara batua.

Beharbada euskalkiak hilen dira, baina gure lana ez da euskalkiak gillotinan ezartzea. Ez dakit zer bilakatuko den, nik ez dut ikertzen gazteen hizkera, baina konstatazio batzuk egiten ditut. Eman dezagun orain dela 30 urte, jendeak zuen lexikoa desberdina zen, batzuetan bada galera bat, baina orain gazteek nozio batzuk ematen dituzte, eta zaharrek ez. Arazoa ez da, nire ustez, batua edo ez batua, garrantzitsuena da erraztasuna izatea mintzatzeko eta barruan duzuna azaltzeko.

Rolan Barthesek erraten zuen hizkuntza terrorista dela; erran nahi zuen hizkuntza batek badituela forma batzuk ezin ukituzkoak; hasten bazara modu batean, modu jakin batean bukatu behar duzu. Nago ez ote den libertate gehiegi euskararekin araua ez baitugu ezagutzen.

Bide horretatik, nola ikusten duzu euskararen egoera Ipar Euskal Herrian?

Bi molde badira: estatistikek diotena, hau da, ez dela hain gaizki, eta belarriak adierazten duena. Nik arrangura badut, zinez. Alde batetik, zenbat euskaldun gauden, eta, bestetik, zein den euskararen kalitatea. Garrantzitsuena da zenbaiteraino erabiltzen dugun. Nire ustez indar bat egiten da, baina... Manex Goihenetxek eta anitzek erraten dute hizkuntza baten etorkizuna hirian dagoela, eta egia da. Gazteak entzuten dira, berdin zait nola mintzatzen diren, ez da egia, baina eman dezagun berdin dela, nire beldurra da anestesiatua izatea eta euskara beheiti joatea.

Orain egoera berri bat bada; gauza anitz alde ditugu, baina, inguruko kasuak ikusita, Korsikan demagun, ofizialtasuna aipatzen delarik izutzeko modukoa da, jakobinismoak irauten du. Edozer lortzeko beti uraren kontra joan behar da. Militantzian hasi nintzenean, Monzon jaunak aipatzen zigun gu izanen ginela amuarrainak, baina uraren kontra joatea akigarria da. Bada indar bat, ados, baina hala ere kezkatua naiz. Beharrik euskarak baduela lurralde bat sendoago bestaldean dena, eta horrek nahitaez laguntzen gaitu.

Irakasle izan zara Baionako unibertsitatean. Zein izan duzu erronka nagusia?

Euskara ezagutaraztea; ez bakarrik batua, euskalkiak ere aipatzen nituen, eta, bestalde, niretzat kezka handiena izan da formakuntza aski ona izatea gero ikasle horiek irakasle onak izan daitezen.

Euskal ikasketen saila Bordele eta Paueren menpe izateak zer ekarri du?

Alde batetik, administrazioaren aldetik zaila da, baina anitzetan on izan da zango bat Pauen izatea eta bestea Bordelen. Ona izan ez dena da hemengo unibertsitatea Pauekoa izatea, eta betiko eztabaida da ea hemen unibertsitate propio bat izaten ahal den. Lankidetza hori, baina, probetxugarri izan da euskal ikasketentzat. Arazo bat sortzen delarik, ez da unibertsitate bakar baten erronka. Bi unibertsitateek badute beren interesa, eta emeki-emeki lortu dute elkar aditzea, eta horri esker euskarak badu bere aitortza bietan.

Euskal Elkargoak bete berri du lehen urteurrena. Euskararekiko zein ardura hartu beharko lituzke?

Euskal Elkargoak erraten du hizkuntza politika on bat garatu nahi duela. Programazio bat egiten ari direla badakit, bada hizkuntz politikaz arduratzen den sail bat. Ikusiko dugu zer ematen duen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna