Donostiako 66. Zinemaldia. DUELA 50 URTE

Cannesen ezin lehiatu, Donostian irabazi

1968ko maiatzeko gertaerek eraginda, Cannesko zinemaldia bertan behera gelditu zen, eta han lehiatu behar zen film bat, 'The Long Day's Dying', Donostian eman zuten azkenean. Urrezko Maskorra irabazi zuen.

The Long Day's Dying filmaren irudi bat. BERRIA.
mikel lizarralde
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiaren lehenengo urteak gorabeheratsuak izan ziren, eta 1960ko hamarkadan lehenengo krisi txikia izan zuen, 1963an A kategoria galdu baitzuen. Hurrengo urtean, ordea, maila gorena berreskuratu zuen.

Nolanahi ere, 1968ko ekitaldia zinemaldiz kanpoko gertaerek baldintzatu zuten neurri batean. Zinemaldia hasi baino bi hilabete lehenago —uztailaren 6tik 16ra egin zen—, ikasleen protestak piztu ziren Parisen, eta, horren ondorioz, Cannesko zinemaldia bertan behera uztera behartu zuten hainbat zinemagile. Horregatik, hain zuzen, Peter Collinson zuzendari ingelesaren The Long Day's Dying —Canneserako aukeratua zegoena— Donostiako 16. Zinemaldian lehiatu zen, eta ekitaldi hartako irabazle nagusia izan zen. Urrezko Maskorra irabazteaz gain, Collinsonek berak zuzendaririk onenaren saria eskuratu zuen —artean ez zen Zilarrezko Maskorra—. Bigarren Mundu Gerran girotutako istorioa da The Long Day's Dying, eta alemaniarren lurretan harrapatutako hiru soldadu britainiarren egunerokoa kontatzen du.

1958an, film laburrik onenarentzako Urrezko Maskorra ere banatu zuten —Vasily Zhuravliovek irabazi zuen—, eta Dita Saxová Txekoslovakiako ekoizpenari (Antonin Moskalyk) eta Nyar a hegyen Hungariako filmari (Peter Bacso), berriz, Zilarrezko Maskor bat eman zieten. 1958an, opera prima-rik onenak ere irabazi zuen Zilarrezko Maskorra: Kjell Grederen Hgo och Josefin-ek.

Donostiara iritsi zenean, Monica Vitti aktore italiarra bere ospearen gailurrean zegoen, Michelangelo Antonionirekin egindako drama existentzialei esker (L'Avventura, La Notte, L'Eclisse, Il deserto rosso). Zinemaldian, berriz, Mario Monicelliren komedia batek (La ragazza con la pistola) eman zion emakumezko aktorerik onenaren Donostia saria. Gizonezko interpretazio sariak, berriz, Sidney Poitierrek —Daniel Mannen For Love of vy-gatik— eta Claude Richek —Alain Resnaisen Je t'aime, je t'aime-gatik— jaso zituzten ex aequo.

Honako hauek izan ziren ekitaldi hartan lehiatu ziren gainerako filmak: Decline and Fall (John Krish), El dependiente (Leonardo Favio), El reino de las mujeres (Alexei Saltikov), Il marito è mio e l'ammazzo quando mi pare (Pasquale Festa Campanile), No somos de piedra (Manuel Summers), Professor Columbus (Rainer Erler), The Legend of Lylah Clare (Robert Aldrich) eta Vingt-Quatre heures de la vie d'une femme (Dominique Delouche).

'Ama Lur'-en estreinaldia

1968ko ekitaldia oso berezia izan zen euskal zinemarentzat, urte hartan estreinatu baitzuten, lehiaz kanpo, eta zentsuraren iragazki ugariak igaro ondoren, Ama Lur, Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek lau eskutara eta Euskal Herriaren omenez egindako filma. Ez zen, baina, Sail Ofizialean saririk lortzeko aukerarik gabe eman zuten film bakarra. Joseph Loseyren Boom, Franco Zeffirelliren Romeo and Juliet eta David Greeneren The Strange Affair ere hala eman zituzten.

Epaimahai ofiziala Miguel Angel Asturiasek, Horst Axtmannek, Rafael Gilek, Anos Herskok, Miguel Perez Ferrerok, Gian Luigi Rondik eta Odile Versoisek osatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.