Lide Hernando.
BI AHOTSETARA

Martxan hasteko

2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Martxotik ekainerako konfinamenduak ezer onik ekarriko ez zuela konbentzituta geunden. Edukiko al zuen, bada, ezer onikzuzeneko kultura kriminalizatu, artisten ahalmen ekonomikoa ito, artearen entretenimendu hutserako tresna izaera demokratizatu eta hainbat eta hainbat langileren pasioa eta izerdia doan eskatzeko legitimitateari hegoak eman zizkion garai batek?

2020ko otsailean Gernikako Astran egin zen emakume musikarien topaketa hartatik, hainbat emakumek talde bat sortu genuen gure kezken inguruan mintzatzeko. Eta egunetik egunera handitzen joan zen talde horretatik, etorkizunera begira estrategia eta ekintza berriak egiteko asmoz genbiltzan batzuek beste talde bat osatu genuen. Ekinari heltzeko. MartxanHasteko: hala izendatu genuen talde hori, eta egun hala izaten jarraitzen du. Zertarako aldatu? Ongi baitakigu luzaroan egongo garela martxan hasten; bidea korapilatsua da, helmuga ortzimuga etengabea. Baina, eta, agian horregatik, pauso bakoitza garaipena da artiston begietan.

Igaro den ostegun goizean aurkeztu zen Musikari Elkartearen zuzendaritza batzorde berria. Bai: konfinamendu egoerak eragindako ezinegonen inguruan hitz egiteko eta elkar lasaitzen laguntzeko helburuarekin elkartzetik, Euskal Herriko Musikarien Elkartearen zuzendaritza hartzen amaitu dugu zazpi emakumek. Jakin, ez dakigu oso ondo non amaituko duen honek; baina baditugu ideia batzuk, badugu (oraingoz) grina, eta, tamalez, beharrezkoa den haserrea.

Gerra lubakietatik egin ohi da; testuetako egia gordinenak parentesi artean jarri ohi dira; eta guk nahi izan gabe sartu gaituzten guda honetan, Musikariren lubakiak, edo parentesiak, sektore guztiarentzako onuragarri izan daitezkeen neurriak diseinatu eta martxan jartzeko balio dezake. Ahaztu gabe (eta hau esan egin behar nuen) euskal musikari guztion onurarako lanean arituko den taldea %100ean emakumez osatua izateak pertsonalki eragiten didan zirrara.

Aipatu gabe doa edozein musikarik eman dezakeela izena Musikari Elkartean, bere ahotsa ere entzuna izan dadin. Hasi gara mugitzen. Hemen kultura eta artea egiten dugun guztiok goaz maldan behera, baina maldan behera erortzeak badu zerbait ona: zailagoa dela gelditzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.