Gorka Erostarbe Leunda.
BI AHOTSETARA

Nire baitan daude biak

2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
—Orduan, orain popismoa deitu dioan horren aurka altxatu duk bandera... Nork eta hik?

—Tira... zergatik diok hori?

—Ahaztu dituk Tom Waits Kursaalean, Antony and the Johnsons Londresen, Primavera Soundera egindako txangoak?

—Ez, oroitzapen itzelak ditiat, baina garaiak, pertzepzioak... aldatzen dituk...

—Edo hi aldatu haiz?

—Jakina, neu garaiekin batera. Eta hi ere bai nirekin batera. Orduan ere sosa sobranterik ez, baina akaso infula burgesagoak izango (ge)nizkian.

—Eta orain ez? Orain infula proleak izango dituk...

—...ez diagu alferrik bizi izan hamarkada pasatxoko krisia eta prekarizazioa.

—Prekaritatea ideietan daukak hik: zer lotura ote dik horrek entzuten duan musikarekin?

—Umm.. tira... ez musika bera, edo taldeak... baina... Nondik datorren, nola egiten den, norekin konektatzen duen... herri musika den...

—Ea, orain esango didak auzotik, kaletik datorren hori dela soilik herri musika berezkoa.

—Tira, nagusiki. Edo haurtzarotik. Sehaska kantuetatik. Gero erreprodukzio sofistikatuagoak etortzen dituk, errepika originalagoak edo trauskilagoak, ez?

—Alegia, popista izatetik populista izatera igaro haiz! Eta Lide Hernandok ondo seinalatu bezala, kostunbrista samarra.

—Nik zekiapa! Edonola, ez dituk gauza bera auzo xume bateko kostunbrismoa edota klub selektoetakoa, nik uste. Kostunbrismoa duk eraldaketaren abiaburu. Agian ez zagok beste modurik. Zer hituen kotoi esklaboen kantuak? Zer duk «ya estoy harto, no quiero salir más...»? Gainera, hik ere gustura asko entzun izan dituk jotak, trikitiak, herri folklore hainbat, zein tabernetako hit-ak... nahiz eta ezkutu samarrean.

—Beno... Hori duk artearen ibilia, bilakaera, ez? Poparena, behinik behin. Popismotik populismora artekoa. Edo alderantziz. Eta hortik sortzen dituk arrakalak...

—Hik sortu didak bai arrakalik. Tira, hi zer entzuten ari haiz orain?

—Hermanos Cubero eta Verde Prato. Eta hi?

—Chill Mafia eta Flaco Jimenez.

Burua altxatu dut. Rosa begira dut barrez. Tindersticks jarri du. Nire baitako biak berriro xextran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.