Ana Arsuaga.
BI AHOTSETARA

Artista 'payasa'

2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Lehengoan, A fondo telebista-programaren saioetako bat ikusi nuen. 1976tik 1981era Joaquin Soler Serranok elkarrizketa asko egin zituen programa horretan, eta Youtuben, interesatzen zaidan izen bat bilatuz, sarritan bukatu dut horietako elkarrizketa batean klik egiten.

Saio horietatik gehien gozatzen dudan ezaugarria lengoaia da. Hiztegia. Galdera bakoitza hitz zehatzena bilatuz dago eraikia; esanahiaren eta hitzaren arteko distantzia sarritan fin-fina dela nabaritzen duzu. Erantzunek mailari eusten diote. Gaur egun, ordea, zergatik dago hain modaz kanpo horrelako edukia? Iruditzen zait eduki sakona eduki astuntzat hartzen dela, eta arlo kultural oso espezifikoetara marjinatzen dela; arte plastikoen eremura, esaterako; bekak eta diru laguntzak eskatzeko dosierretara, eta abarretara Baina, elkarrizketa kulturaletan, zer gertatzen da? Batez ere musikaren munduan? Ez dakit.

Dakidana da askotan oroitzen dudala nire lagun Raisa Alavak orain dela gutxi egin zidan galdera: «Artistak izan al gaitezke, payasa batzuk izan gabe?».

Zaila iruditzen zait, egia esan, ikusten baitut sare sozialetan dauzkagun komunikatzeko kodeak hortik doazela; zure abestiarekin dantzatxo bat, markek oparitutako azken soinekoa, edo zure skincare errutinak igotzen bukatzen duzula egun batean, eta ez dakizula oso ondo zergatik zauden hain urrun zure lanetik eta hain gertu txorakeriatik, badirudielako norbaitek esan dizula gauza horiek zure lanari agerikotasuna ematen diotela.

Eta ez dut esaten besteengatik, ni gatazka horretan nago, askotan, konturatu gabe ere. Baina bai ohartzen naizela, egia esan, faltan botatzen dudala norbaitek lana serio hartzea, eta ez etortzea, BBK Live-ko kontzertua jo eta gero, elkarrizketatzaile bat, zuzenean, «ea karteleko zein artistarekin oheratuko nintzen» galdetzera, edo behintzat, ez bakarrik hori galdetzera. Ez dut pentsatzen tontakeriak gaizki daudenik; tontakeriak beharrezkoak izan daitezke, baina ez gara hori bakarrik. Esan nahi dudana zera da: musika egiteak beste edozein lanbide bezain duina eta serioa izan beharko lukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.