Kilometroak

Zubiei eusten uraren gainetik

Eguna euripean igaro osteko pena gorde gabe, Kilometroak jaiaren balorazio «gazi-gozoa» egin du Urretxu-Zumarraga ikastolak. Indartu dute komunitatea, eta eskerrak eman dizkiete boluntarioei, baina helburu ekonomikoa betetzerik ez dute izan. Zarautzen egingo da datorren urteko festa.

Ibilbidea. Ia sei kilometro eta lau gune izan zituen igandeko zirkuituak. GOTZON ARANBURU / @FOKU.
Andoni Imaz.
2018ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Kilometroetako aurtengo abestia igandeko soinu banda izan zen Urretxu eta Zumarragako (Gipuzkoa) kaleetan. Zergatik ez busti/ galtzerdi eta guzti kantuaren esana bete egin zen giroa okertu eta euria zorigaiztoko protagonista bilakatu zenean. «Sentipen gazi-gozoa» zuen biharamunean Montse Alkorta Urretxu-Zumarraga ikastolako zuzendariak: «Ilusioz betetako eguna prestatu genuen, eta, azkenean, ez da ikusten egindako lanaren fruitua». Penak, ordea, ez zuen estali elkarlanaren esker ona: «Boluntarioen lana eskertzekoa da; nahiz eta eguraldiak okerrera egin eta jende gutxiago zetorrela ikusi, ez zuten umorea galdu, eta lanean jarraitu zuten».

Eguna bi zatitan bizi izan zuen Alkortak. Irekiera ofiziala izan zen lehenengoa: erakundeetako ordezkariek eguraldia lagun izan zuten, eta zirkuitu osoa egiteko aukera izan zuten «ateri, eta eguzki izpi batzuekin». Eguerditik aurrerako ekitaldietan, aldiz, ez zen halako zorterik izan, eta igarri zen jende kopuruak ere behera egin zuela.

Oraindik ez da azken baloraziorik egin, baina zuzendaria kezkatzen du «egunak zer eman duen ekonomikoki». Datu zehatzen esperoan, argi mintzatu zen: «Espektatibak ez dira bete». Horregatik, egunean bertan laguntzerik izan ez zutenek euren ekarpena egin dezaten, hiru kontu korronte prestatu dituzte. Hala ere, gustura agertu zen urte osoan egindako lanarekin. «Bi helburu genituen: bata, ekonomikoa, eta bestea, ikaskomunitatea indartzea». Bistan da ikastolako eraikina pedagogia berriek eskatzen dituzten espazioetara egokitzeko finantzaketa asmoetatik urrun geratu dela, baina bigarren helburua betetzat eman du, «ehuneko ehunetik gora». Kilometroak festaren egunean, bezperan eta urte osoan boluntarioek egin duten lana goraipatu zuen.

Eguraldiaren kontra ezer gutxi egin zitekeen arren, hainbat ekintzak arrakasta lortu zuten. Goizeko ekitaldi nagusian, erakundeetako ordezkariak bertan zirela, duela 52 urte Urretxu-Zumarraga ikastola abian jarri zuten gurasoak izan zituzten gogoan, eta omenaldia egin zieten ia 30 urtez udalekuak antolatzen aritu ziren familiei. Bi familia ordezkari egon ziren han, baina «zerrenda amaiezina da beren oporrak sakrifikatuz udalekuak antolatzen jardun zutenena».

Zubiak batuz izan da aurtengo Kilometroetako leloa, eta batasunaren ideiari tiraka, egunari hasiera eman zioten zintak batuz, ebaki beharrean. «Hunkigarria izan zen». Bigarren zatian, hasierako garaietan euskarazko edukiak sortzen aritu ziren hamalau irakasleri egin zieten aitortza. Euskarazko material didaktikoaren faltan, testugintzan aritu ziren modu boluntarioan.

«Ohituta gaude halako makrojaietan jendetza biltzera, eta, gutxiago biltzen denean, denok gora begiratzen dugu», esan zuen Alkortak. Hala ere, jende ugari bildu zen hainbat kontzertu ikusteko: Oihan Vega DJaren eta Gozategi taldearen emanaldietan, esaterako, asko aritu ziren euripean dantzan. Azken urteetan, Gipuzkoako hainbat ikastetxetako gazteak biltzen ditu Erronkak, eta igandean ere ez zen lehiarik falta izan. «Parte hartzaileak oso gustura aritu ziren», nahiz eta mela-mela eginda amaitu zuten. Eta ez euriagatik bakarrik: arratsaldeko finaleko hiru probak Urretxuko igerilekuan egin zituzten, eta uretan aritu ziren gazteak. Azkenean, ikurrina etxean geratu zen, Urretxu-Zumarraga ikastolako ikasleak izan baitziren azkarrenak finaleko probetan. Orioko herri ikastolakoak izan ziren bigarren, Zarauzko Salbatore Mitxelenakoak hirugarren, eta Anoetako herri ikastolakoak laugarren.

Hain zuzen, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolakoek datorren urteko Kilometroak egunean dute gogoa dagoeneko, haiei pasatu baitzieten lekukoa igandean. Gainera, 2019koa izango da gaur egungo ereduarekin egingo den azken festa. 2020tik aurrera, urte osoko egitasmo bat izango da Kilometroak. Gipuzkoako ikastolek hainbat jaialdi antolatuko dituzte, eta haien emaitza izango da urriko lehen igandeko festa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.