gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

'Trenpuonlari' lari lo

2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Dena ez baita kafetegia, Urolan behera egin dugu bixkiak eta hirurok, ia egunak argitu orduko. Rosak aipatu zidan atzo Pau Dones zendu zela, eta La Flaca eta Depende xuxurlatuz egin dugu bidegorrian behera, Aginagako bidegurutzea zedarritzen duen tunelera arte. Umeekin, baina neure baitara bildua, pentsamendu lanbrotan galdua. Bakarrizketa izan dute nire baitako malenkoniatsuak eta bizizaleak, eros-ek eta tanatos-ek.

—Joer, txo, zer haiz ba tristea! Zenbat aipatzen eta entzuten dituan musikari hilberriak.

—Arrazoi, oraindik ez diat asmatu musikari jaioberriak detektatzen.

Izan zen garai bat, abesti horiek sarri entzun eta goxatuagatik, 90etako amaiera-edo, neure buruari gusta ez zekizkion bateko edo besteko trabak jartzen nizkiona. Musikari katalana buenrollistegia zen; hura zen nire argudio sasi-intelektual ohikoena. Ez zegoen ondo ikusia garai hartan buenrollismoa nire ingurumarian; orain apur bat gehixeago akaso, ez askoz gehiago ere. Nerabezaroa igaro berritan, bizitzaren lehen kolpeak hartzen joatearekin batera hasi nintzen gehiago estimatzen aldarte oneko jartzen ninduten musikariak, edota doinuak. Donesek jarri dit gaiaz pentstazeko puntua, eta haren erreferenteetako bi buenrrollista erabatekoak iruditu izan zaizkit beti: Kiko Veneno eta Peret. Mediterreneoko argiak lagunduko du trenpu onaren kontuan, baina geurean ere baditugu ezinbesteko trenpuonlariak. Trikitilariak adibidez, eta Landakanda eta Maurizia guztien gainetik. Buenrrollista erabatekoak. Oskorritarrak lehen, Broken Brothers Brass Band orain, nor berean, alegrantziaren soinu orkestrak biak ala biak. Morau, hitzez nahiz ekintzez; Mursego, heterodoxiaz zein ezustez; dj Makala, bizi filosofia surf eta funkez; Txost!, taldetasunaren jarrera kutsakor xume eta jostariz...eta abar ez luze baina eder bat.

Urola errekaren kontrakarrean, gorantz egitea dagokigu itzulerakoan. Esnatu egin dira bikiak, negar zotinka doaz. Thalia Zedekek Anariren Harriak-ekin egindako moldaketa iritsi zait mezuz: Stones. Huraxe jarri diet. Isildu ez ezik, irribarrea ahoratu zaie. A zer harria: malenkoniatsuak ere trenpuonlariak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.