Lide Hernando.
BI AHOTSETARA

Dena da 'hater'

2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Zabaldua da, sare sozialak (batez ere Instagram) gazteon bizitzaren erdigunera sartu direnetik, edertasun bisuala oinarri duten mezu hutsal eta anestesiatzaileak iristen zaizkigulako ideiarekiko mesfidantza. Sare horien erabiltzaile sutsuak garen arren, badirudi konturatzen garela bertan gure idolo diren musikariek eta edonolako pertsonaia publikoek bidaltzen dizkiguten mezuak ez direla errealak, iragazki fisiko eta psikologikoek uhertutakoak direla, eta ez dugula sinetsi behar erakusten duten hori denik euren eguneroko bizimodua, eta, ondorioz, guk imitatu beharrekoa.

Horrez gain, sareek ere profil horien antagonistak izango liratekeen espezie baten sorrera ekarri dute; mundu osoan haterdeitzen zaienena, alegia. Alta, bada horren inguruan benetan kezkatzen nauen gauza bat: hain zuzen, bat-batean zaku berean sartu ditugula, batetik, malezia puntu batekin eta frustraziotik abiatuta, kaka bota besterik egiten ez duten hater horiek; eta, bestetik, kritikotasuna era zuzen eta eraikitzailean erabili eta transmititzen duten horiek.

Azken horiek, ez dezagun ahaztu, behar-beharrezkoak dira artearen panoraman. Nik, musikari naizen aldetik, musikaren inguruan hitz egin dezaket soilik. Kontziente bagara Instagram bezalako sare sozialen eraginez azaleko mezu optimistez soilik beteko garela, eta hori gizarte batek eta bere kulturak aurrera egiteko ez dela tresnarik eraginkorrena, zergatik ari gara denbora guztian kritikoak diren horien mezuei ez entzun egiten, deuseztatzen, hater gisa tratatzen?

Beldurrik gabe esan nahi dut gaur egungo abestirik entzutetsuenek behin eta berriz errepikatutako mezuen inguruan hitz egiten dutela, eta ez dutela aurrerapausorik, hausturarik, gogoetarik proposatzen. Beldurrik gabe esan nahi dut azkenaldian irratian entzuten ari naizen euskal abesti askok ez dutela musikalki inongo esploraziorik egiten, ez nautela harritzen, arrakastaren formulan errotutako bukleak besterik ez direla. Beldurrik gabe esan nahi nuke, baietz, asaldatu egiten nauela irrati publikoetan euskara ez den beste hizkuntzetan horrenbeste musika entzuteak.

Eta gustatuko litzaidake uler dadin hori guztia gizarte baten egoera hobetze aldera egiten dugula, ez gaiztakeriaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.