Lide Hernando.
BI AHOTSETARA

Ikerketarik bai?

2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Azken egunotan, euskal musika urbano berriaren gorakadaren inguruan sareetan izan diren eztabaidek gogoeta asko egitera eraman naute.

Ez, nik hemen ez dut asmorik euskal musika hilik ote zegoen ala ez eztabaidatzeko, ezta gazte batzuek euskal musikaren berpizkundea sustatu ote duten analizatzeko ere.

Alabaina, espazio honetan bota nahiko nukeen galdera sorta (eta soziologoren batek ikertu dezan dirua emango nuke, benetan) zera da: musika era kontzientean kontsumitzen duen euskal gizarteak, zein etekin lortzeko egiten du? Zer da harengan bilatu eta topatzen duena? Zer da, bilatzen zuen horretatik, azken urteotan topatu ez duena eta, ondorioz, berpizkunde honekin azkenik iritsi zaiona?

Galdera hauen aurrean oraindik eta zehatzagoa izaten saiatuko naiz. Nire gogoetetan eta ingurukoekin izandako eztabaidetan ondorioztatu dut musikaren kontsumo kontzientea, normalean, bi arrazoirengatik egiten dela (entretenimendu soilerako den kontsumo hori albo batera utzita): bata, zure antzeko errealitatea bizi duten horiekin identifikatu ahal izateko, hau da, komunitatea sortzeko; eta, bestea, egoerak eragindako inkonformismoak bultzaturik, gogoeta filosofiko edo existentzialagoetan erantzunak topatzeko. Egongo da, ziurrenik, beste arrazoirik ere musika kontsumitzeko, baina azkenaldian loratzen ari den egitasmo bakoitza bietakoren batean sailkatu dezaket arazorik gabe.

Ni, inongo dudarik gabe, bigarrenetakoa naiz; zerbait sortzen dudan aldiro, motibazio horrek bultzatuta egiten dut, eta zerbait kontsumitzera noanean, hori bilatzen egin ohi dut (ez beti, baina gehienetan bai). Horrek ez du esan nahi lehenengo helburua lortzeko sortzen eta kontsumitzen duen artista/entzulegoa ez dudanik errespetatzen. Euskal Herrian egiten den musika kontsumitzeko edozein arrazoi iruditzen zait arrazoi ona.

Baina, egia esan, kezkatu egiten nau euskal gizarteak soilik errealitatearen isla konstunbrista bat erreproduzitzen duten artistak kontsumitzen amaitzeak; eta zerbaitek esaten dit tendentzia hori dela. Izan ere, denok euskaƱolak garela onartzea ez al litzateke urteak eta urteak iraun duen goranzko ibai-ibilbidean berriz ere itsasora jaustea bezalakoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.