Gorka Erostarbe Leunda.
BI AHOTSETARA

Tiny Desk (II): Vic Chesnutt

2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun

Kontzeptua interesgarria da, nor bere etxeko egongelan balego bezala, su txikiaren abaroan eta lagunen, ezagunen, ikus-entzuleen gertutasuna makulu hartuta kontzertua ematea, baina ez da berri-berria ere Tiny Desk ideia.

Pittin bat lehenagokoa da hainbesteko oihartzunik izan ez zuen tankeratsuko beste telebista saio anglosaxoi bat, kanadarra oker ez banaiz: The Neighbors Dog. Izena deigarria, auzokoaren zakurrari erreferentzia egiten diona. Auzotasuna eta hotsa, baina ez, inondik inora ere, hots molestagarria.

Beste kasu askotan bezala, zoriak hala nahi izanda topo egin nuen saio horrekin, Youtuben Vic Chesnutten bideoen bila nenbilela. Duela hamar bat urte inguru izango zen. Urte batzuk lehenago Bartzelonan ikusteko aukera izan nuenetik galdua nion pista. Bartzelonakoa jaialdi handi bat zen, eta auditorium izugarri handi batean eman zuen kontzertu biluzi durduzagarria; haren ahotsaren dardara eta oihartzuna barrenean geratu zitzaizkidan.

Oso bestelako agertokia zen The Neighbors Dog saiokoa; dardara eta zirrara ez ziren txikiagoak izan.

Bideoaren hasieran auto batzuk ikusten dira, gauez, aparkaleku batera iristen. Etxe bat ageri da ezkerrean. Kamerak etxe barrukoa azaltzen du gero, egongela zabal goxo bat. Marroi eta okreak nagusi. Negu giroa. Vic Chesnutt bera, ohi zuen moduan, gurpil aulkian eserita —auto istripu baten ondorioz tetraplegiko geratu zen 18 urte zituela, 1983an—. Eta inguruan musikari talde lagunkoi trebe bat, tartean Fugazi taldeko Guy Picciotto eta Godspeed You! Black Emperor taldeko Thierry Amar. «O, etxe batean gaude!», Chesnuttek, umorez. Eta ia segidan Everything I Say kantuko lehen akordeak.

«Esaten dudan guztiak horrelakoa egiten al nau?», kantatzen du. Intentsitatean gora eta gora. Gitarra ekaitz erauntsi bat, bere aieneak tartekatuta. Barealdi moduko bat, eta bideoaren 09:30. minutuan, abestia amaitu berritan, intziri luze askatzaile bat. Isilune handi bat, hamar bat segundokoa, eta Chesnuttek berak: «Uou; txalo egin dezakezue orain». Txalo bero hunkigarriak.

2009ko abenduaren 23a zen. Bi egun geroago egin zuen bere buruaz beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.