Emakume musikariak jaialdietan

IKUSEZIN DIRA, BAINA BADIRA

Udako musika jaialdiak musikari eta zaleentzako plaza handia izaten dira. Datorren larunbatean hasiko da Azkena Rock Festibala Gasteizen, baina aurten ere sortu da eztabaida: berrogei taldeetatik lautan bakarrik daude emakumeak. Andre musikari andana egon arren, halako jaialdietan apenas duten lekurik.

IKUSEZIN DIRA, BAINA BADIRA.
Maider Galardi
2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Ursula Strong, Aneguria, Maite Arroitajauregi, Izaro Andres, Aiora Renteria, Sorkun, Lide Hernando, Olatz Salvador, Elena Caballero, La Basu, Anari, Zuriñe Hidalgo, Josune Arakistain, Uxue Amonarriz, Ane Bastida, Onintza Rojas, Lorea Garate, Eva Gutierrez, Nahia Zubeldia, Miren Narbaiza... Euskal Herriko puntako taldeetan dabiltzan abeslarien, baxu jotzaileen, gitarra jotzaileen, DJen eta rap abeslarien izenak dira. Gehienek gertutik bizi izan dute udako jaialdi edo ekitaldi batean jotzeko aukera. Eta urtean zehar ere lan franko egiten dute oholtzaz oholtza. Baina, festibaletako lerroburuak ikusi, eta apenas dagoen emakumerik. Are gehiago, hiru eguneko jaialdietan, andre musikarien presentzia eskasa da gizonezko musikarien aldean. Datorren larunbatean hasi, eta igandean amaituko den Azkena Rock Festibalean 108 gizonezko arituko dira oholtza gainean, eta zortzi emakume; ez dira %7ra ere ailegatzen. Izan ere, egon badauden arren, erreferentzialtasun faltak ikusezin bilakatzen ditu emakume musikariak.

Iaz lehertu zen eztabaida. Last Tourrek Gasteizen antolatzen duen Azkena Rock jaialdian emakume bakarrak parte hartu zuen: Sally Ann Evans de Buckek. Mugimendu feministak salatu zuen genero parekidetasunaren aurkako erabakia zela, eta gaitzetsi zuen udalak diruz lagundutako ekitaldia zela. Alfonso Santiago jaialdiko zuzendariak hitza hartu zuen orduan: «Urtero lan egiten dugu genero berdintasuna egon dadin eta ikusgarria izan dadin. Harrigarria iruditzen zait eztabaida honen funtsa». Urtebete joan da ordutik, eta egoerak ez du hobera egin. Aurten gonbidatutako 40 taldeetatik lautan soilik ari dira emakumeak; %10 dira, alegia. Gasteizko mugimendu feministak salatu du egoera, eta udalari eskatu dio erantzukizuna hartzeko: «Diru laguntza publikoa eman diote matxista den jaialdi bati. 270.000 euro guztira».

Azkena Rockek badu ere oihartzunik handiena, badira beste hainbat jaialdi Euskal Herrian, eta guztietan da egoera antzekoa: emakume musikariren bat duten taldeen ehunekoa ez da inoiz %33ra iristen. Areago, emakume musikarien presentzia ozta-ozta heltzen da ia jaialdi guztietan %20ra. EHZ, Azkena Rock, BBK Live, Hondarribia Blues jaialdia, Donostia Festibala, Biarritz en Eteeta Donostiako, Getxoko eta Gasteizko Jazzaldiak. Guztietan agerikoa da emakume musikarien hutsunea.

EHZ da andre musikari gehien duen jaialdia. Aurten ezohiko egitaraua antolatu dute, gainera: ekainaren 29an hasiko dira Baigorrin (Nafarroa Beherea), eta,30ean Baionan egon ostean, uztailaren 1ean amaituko da Itsasun (Lapurdi). Guztira, hamabost talde iragarri dituzte oraingoz, eta horietatik bostetan daude emakumeak. Bestela esanda, 34 musikarik hartuko dute oholtza hiru egunez, eta horietatik 11 dira emakumeak. Loretxu Etxemendi festibaleko arduradunaren arabera, «aski naturalki» egin dute hautua, baina aitortu du ez dela beti genero ikuspegia lehenesten: «Helburua da kalitatea bermatzea, eta talde berriak ezagutaraztea. Talde berri horien artean badaude emazte asko, eta, horregatik, EHZn badira andreak». Hortaz, gakoetako bat da, haren ustez, jaialdi ereduari erreparatzea: «Eredu berriak eraikitzeko eta mundu utopikoa sortzeko lekua da EHZ. Horregatik, guretzat,atal biziki garrantzitsua da emazteen aukera berdintasuna bermatzen duen espazio bat izatea». Besteak beste, Brigada Ubela antolatzen dute urtero, feminismoari lotutako gaiak jorratzeko eta emakumezkoentzako gune seguruak bermatzeko.

«Ereduen arteko talka». Horixe salatu du Gasteizko Mugimendu Feministak: «Bi aukera ditugu: gizonezkoa eta merkatu ekonomia erdigunean jartzen dituena bata, eta guztion aitortza eta bizitza erdigunean jartzen dituena, bestea». Arrate Nuñez mugimenduko kidearen ustez, Azkena Rock jaialdiak baztertu egiten ditu emakumeak; oholtza gainean eta oholtzatik kanpo: «40 taldeetatik lautan daude emakumeak, eta, hortaz, eredu jakin bat lehenesten da». Taula gaineko gizonek abesten dutena eta aldarrikatzen dutena iruditeria jakin batekin lotuta dagoela ohartarazi du, gainera. Aldiz, emakumezkoentzako erreferentziarik ez dago, haren ustez: «Guk ere entzun nahi ditugu gure esperientziak eta salaketak oholtza gainean».

Erreferentzialtasunaz

Hori da, finean, antolatzaileen, musikarien eta mugimendu feministaren arteko eztabaida. Erreferentzialtasuna nork duen, eta zeintzuk diren kartelburuak, horrek baldintzatzen du jaialdiaren izaera. Jaialdi handietan, esaterako, garrantzitsua da talde ezagunak ekarraraztea, eta bidean zenbait balio alboratu izan direla uste du Sergio Cruzado Donostia Festibaleko zuzendariak: «Egia da jaialdi handiek badutela beste presio bat, eta argi dago festibala zenbat eta handiagoa izanorduan eta kontserbadoreagoak direla». Hain justu, Donostiako Festibalean bertan orain arte iragarri dituzten musikarietatik %11,7 soilik dira emakumeak. Last Tour ari da ere hango kontzertuak lotzen.

«Kulturak inklusiboa izan behar du», azaldu du Cruzadok Last Tourrek lan egiteko duen moduaz galdetuta. «Horregatik, enpresak ez du arrazarik, erlijiorik edo sexurik lehenesten, ez eta alboratzen ere». Nuñezek egin dio azpimarra: «Kontua da, ordea, unibertsaltasun horren izenean gorputz jakin batzuk alboratzen direla: lesbianak, transak, emakume beltzak, non daude?».

Last Tourrekoek, berriz, ohartarazi dute enpresak ez ezik behatzaile batzuek ere aukeratzen dituztela jaialdietako taldeak, eta, hortaz, ezin dizkiotela BERRIAri egunkariak egindako galderak erantzun. Iazko polemikaren ostean «hitzak ongi neurtzen» ari direla, eta BBK Liven andre musikari gehiago daudela ere azpimarratu dute. Hain justu, 83 taldeetatik 27tan daude emakumeak, baina musikariei erreparatuta, aldea badago: 200 musikari gizon izango dira; andreak, berriz, 40.

Hala gertatzen da udan Euskal Herrian antolatutako beste hainbat jaialditan ere. Biarritz en Ete festan, %20 dira andreak, eta Hondarribia Blues festibalean, berriz, %14,3. Ibilbide luzeko ekitaldietan ere berbera da joera; horren adibide dira Gasteizko, Donostiako eta Getxoko Jazzaldiak. 200 musikaritik gora parte hartzaile izango dira hiruretan, baina andreak, guztira, 31 dira.

«Agerikoa da jaialdien antolatzaile garenok egin behar dugula autokritika eta hausnarketa», aitortu du Cruzadok. Etxemendik ere espero du EHZren barne prozesuaren ostean lehen lerroan ipintzea genero parekidetasuna. «Orokorra izan beharko luke aldaketak: programatzaileak, musikariak, publikoa... desoreka handia dago oraindik», bat egin dute bi antolatzaileek.

Cruzado, gainera, emakumez osatutako hiru talderen managerra ere bada, eta nabari ditu andre musikariek zailtasunak dituztela oholtza handietan aritzeko. Niña Coyote eta Chico Tornadorekin, Belakorekin eta Izarorekin ari da lanean, eta ohartarazi du batzuetan zenbait antolatzailek sentsibilitate falta dutela: «Batzuetan,deitzen dituzte, eta esaten diete emakumeak behar direla jaialdietan. Horrek musikaria are txikiago sentiarazten du». «Kalitatea» da Etxemendik nabarmendu duena: «Musikari onak direlako ekartzen ditugu, ez soilik emazte direlako. Hori da gakoa». Cruzadok ere hala uste du; oreka bilatu behar dela, alegia. Gainera, haren ustez, ez daude bi aldagaiak elkarren aurka: «Nirekin lan egiten duten taldeetan, emakumeak daude, eta, horretaz gainera, maila handiko taldeak dira. Horregatik epaitu beharko lirateke, ez andreak direlako».

Kontua da oraindik bide luzea dagoela egiteko, eta legezko parekidetasuna eskuratzeko ere —gutxieneko %40a zenbait arlotan— urrats handia egin behar dela oraindik: ez baitira herena ere. Gainera, jaialdi horietako asko udalek eta erakunde publikoek diruz laguntzen dituzte, eta mugimendu feministak horiei ere eskatu die erantzukizuna: «Hasi antolatzaileekin eta buka ikusleekin, guztiok dugu ardura» .

Erantzukizun eske

Hala ere, Nuñezek ohartarazi du, ardura izateaz gain, erakunde publikoek erantzukizuna dutela genero parekidetasuna bermatzeko. Horregatik, Gasteizko Udalari eskakizuna egin diote Azkena Rock Festibala diruz ez sostengatzeko. 270.000 euroko laguntza aurreikusi du udalak, eta, gainera, lur publikoan eta hiriko hainbat plazatan kontzertuak antolatu dituzte, Last Tourrekin elkarlanean.

«Onartezina da udalak baztertzailea den jaialdi bat diruz laguntzea», salatu du Nuñezek. «Udalak oinarrizko balio batzuk exijitu behar dizkio enpresari». Bien bitartean, genero ikuspegia biltzen duten hainbat neurri hartuta, aurpegi zuriketa egiten ari dela egotzi dio mugimendu feministak udalari.

Hondarribian, Bilbon, Getxon, Donostian... gainontzeko hirietako jaialdietan ere antzera gertatzen da: era batera edo bestera, erakunde publikoek ahalbidetzen dute horrelako jaialdiak antolatzea. Baina, enpresek ere badute erantzukizuna, beraiek direlako kontzertuak antolatzeaz arduratzen direnak. Horregatik, Etxemendik azpimarratu du ezinbestekoa dela antolaketaren fase guztietan kontuan hartzea kide feministen gomendioak: «Oholtzara heldu baino lehen, emakumeen hitza eta feministen iritzia kontuan hartzea ezinbestekoa izango da». Izan ere, egon, badaude; kontua da oholtza hartu behar dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.