Ana Arsuaga.
BI AHOTSETARA

Small Talk

2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Musikari bezala elkarrizketaren bat egiten didatenean, ezinezkoa egiten zait musikari buruz benetan hitz egitea. Badirudi hori dela helburua, bai kazetariarena, eta baita nirea ere, baina askotan ez da gertatzen.

Alde batetik, badago denbora kontu bat. Galdera eta erantzunaren artean errespetatu behar den erritmo jakin bat existitzen da, eta ez da geldoa izaten. Hori ere bizitzan elkarren artean komunikatzen garenean gertatzen zaigu; erantzun baino lehen, ezin duzu minutu batez pentsatu galdetu dizuten horretan, ez da gure kode sozialetan sartzen. Hau agerikoa da, baina ondorioa da askotan ez dugula mamiari buruz asko esaten, gainazalean geratzen garela, betiko leloan.

Zeini axola zaio? Hori ere galdera ona da.

Nire kasuan, beti izan dut deserosotasun hori horrelako gai potoloei buruzko elkarrizketetan, eta ez da bakarrik denbora kontu bat izan; pedantekeriak saihesteko nahia ere bilakatu da.

Oroitzen dut, irratsaio batean, Arantxa Iturbek «Zergatik egiten duzu musika?» bezalako galderak egin zizkidala, eta hain lekuz kanpo harrapatu ninduen, hain zaila iruditu zitzaidan segundo batzuetan horrelako galderak erantzutea, pretentzioso geratu gabe —gainera, irratian, zuzeneko saio bat zen, baina bera pertsonan ikusi gabe, telefonoz—, azkenean, small talk arraro batean sartu nintzela, nire lanari pisua, sakontasuna kentzen nioneko sentsazioarekin.

Ordutik gutxira, Clarice Lispector topatu nuen hitz egiten elkarrizketa batean. Ez dakit inor ikusi dudan galderei hain seriotasun handiz erantzuten; behintzat emakume bat ez. Hipnotikoa iruditu zitzaidan, txundituta nengoen. Ez zitzaion inporta nola jaso ahal zen bere aurpegi hura, bere zurruntasun hura, eta pentsatzen zuena esaten zuen, zehaztasun osoz.

Beraz, sendotasun horrek inspiratuta, ohartzen naiz zein barnean daukadan gorputzean sartuta adeitsu izatearen ideia, neska atseginaren trikimailua, bakean utz nazaten, ez dakit beste norbaiti, baina behintzat niri axola ahal zaidan hizketaldi bat izatearen gainetik. Ikasiko dugu noizbait nahi duguna esaten!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.