Jon Pagola.
BI AHOTSETARA

Britpopa bueltan da

2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Oasis taldeak Be Here Now diskoa kaleratu zuenetik 25 urte pasatu dira. Britpop mugimenduaren ikur nagusiak hanka sartu zuen lehen aldiz. Liam eta Noel Gallagherrek gidatutako taldeak 1993an ekin zion bere bide arrakastatsuari. Alan McGee, Creation Recordseko burua, txundituta geratu omen zen Oasis taldeak King Tut's Wah Wah Hut klubean maiatzeko gau hartan emandako zuzenekoarekin. Mod itxura zuten gazte harroputz haiek berehala sinatu zuten kontratua Creationekin.

1996rako, Ingalaterra goitik behera aldatu zen tsunami autoerreferentzial bati esker. Oasisek kontzertu historikoa eman zuen Knebworthen, 125.000 zaleen aurrean. «This is history», baieztatu zuen Noelek. Oso gutxi iraun zuen british festa hark, Adidas, Fred Perry eta casual estiloa lehen lerroan jarri zituenak. Be Here Now izan zen lehen abisua. Kokainak diskoa baldintzatu zuela esan ohi da, eta nabaria da hasierako bi diskoetako freskotasuna galdu zutela.

Oasisek 2009 arte iraun zuen, Noelek «aski da» esan zuen arte. Egun tristea izan zen. Izan ere, Manchesterreko taldearen abestiak hor geratuko dira betirako. Arraroa da, bitxia ere bai: Oasis kenduta —etengabeak dira bi anaien arteko liskarrak—, 2022an bueltan dira britpoparen protagonista nagusiak. Hala nola, Blur taldeak bi kontzertu emango ditu jarraian Wembley estadioan; Pulp dotoreek ere egingo dute itzulera, eta zuzenekoak iragarri dituzte dagoeneko; Suede taldeak oso gomendagarria den lan bat argitaratu du aurten, Autofiction izenekoa, eta kritikarien belarriak gogobete dituzte. Manic Street Preachersekin elkartu dira diskoa zuzenean aurkezteko.

Hori gutxi balitz, The Charlatans eta Ride elkarrekin ari dira zuzenekoak egiten. Liam Gallagherrek bakarkako hirugarren diskoa kaleratu du eta, 26 urteren ondoren, Knebworth leporaino bete zen bi egunez. Eta non dago Alan McGee? Askotan ikusten dut Granadan, lasai bizi da, britpopari kasurik egin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.