BI AHOTSETARA

Klika

2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Badirudi euskaldunok ezin dugula inoiz arinkeriaz hitz egin, eta euskaraz sortzen den produktu oro baloratu eta gozatu behar dugula erraietatik; bestela, gure hizkuntza txikia gordetzeko ahaleginen aurka atentatzen ariko baikinateke. Badirudi Lisaboren azkena astuna eta errepikakorra dela esaten baduzu edo bertsoek aspertzen zaituztela aitortzen baduzu euskaldun jatorraren ziurtagiria automatikoki ezeztatzen zaizula.

Baina iruditzen zait hizkuntza baten normalizaziorako kritika txarrak ere beharrezkoak direla, betiere errespetuz eginak badira, maisulanak diren sorkuntzez gain, zaborra ere beharrezkoa baita. Nola apreziatu ona txarrik egon gabe? Haatik, gustatzen ez zaion horretaz ez du hitz egiten euskaldunak, balorazioen eta iritzien ausentzian soilik suma genitzake ezkutatuak kritika ezkorrak. Bere kritika txarra euskararen aurkako kritikatzat hartzeko beldur dela dirudi.

Horregatik pozten naute Fermin Muguruzak Korrikarako sortutako abestiaren inguruan egon diren kritika txarrek. Denetariko iritziak entzun ditut, baina, oro har, gehienek bat egiten zuten abesti «txarra» dela esanez. Beste behin, eta, agian, oraingo honetan nahi gabe bada ere, Fermin Muguruzak berritasuna dakar euskal musikaren eremura. Bazen garaia jendeak umorez eta naturaltasunez horrelako iritziak ematekoa. Euskaldun kultu, zuzen eta sakonaren profilarekin hautsi da, ez dadila salbuespena izan!

Gustatu ala ez, abesti honek argi utzi du euskaraz edozein estilo jorratu daitekeela, eta baita abesti komertzialak sortu ere, eta ez dela horregatik deus pasatzen. Gainera, Korrika bezalako ekimen batentzat positiboa iruditzen zait, ikusgarritasuna eman baitio sortu den eztabaidak. Pertsonalki, barre ugari bota dut sortu diren iritzi eta memeak irakurtzen. Txikikeri honek erakutsi du euskara ergelkeriez hitz egiteko ere baliagarria dela. Eta zuri gustatu al zaizu Korrikako abestia?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.