Gorka Erostarbe Leunda.
BI AHOTSETARA

Queenie Lyons (I)

2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Ogia eta kafea distantzia soziala gordeta erosten ditut; edo agian distantzia fisikoa esatea litzateke egokiagoa. Rosarekin ia egunero hitz egiten baitut, nahiz eta izan bi metrora. Musikaz hitz egiteko denbora-tarterik ez izatea. Horixe pena. Baina ilaran gorde beharreko bi metroko distantziak eta egon beharreko denbora tarteak ematen dute aukerarik buru-kaxkoa birusaz haragoko kontuekin dantza lausoan jartzeko.

Ilaran zain zesuma nagoela, ia egunero joan ohi zait begia pareko arkupeetara. Elizpe horretan jokatzen genuen pilotan nahiz futbolean auzoko haurrek. Sarri etorri ohi zaizkit irudiok gogora. Beste asko ahanzturan geratu ohi dira, halako batean klik batek oroitzapenak berresnatzen dituen arte. Arkupe horretako petrilean eseri ohi ginen nerabe ginela, liburu eta kaseteak elkar trukatzeko. Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa eta BAP, Dut eta Ama Sayren kantuz osaturiko kasetea, boligrafo urdinez nahastuak jartzen zuena, han feriatutakoak dira. Denboran hurreago egon arren, erabat ahantzia nuen arkupeetako petrilean ahaztutako CD kuttun haren istorioa. Andoaingo erredakziora elkarrekin joan ohi ginen sarri samar Igor lankidea eta biok. Orduko hartan berak zeraman autoa, auto gris zahar xarmangarria. Ez galdetu zein markatakoa zen, inoiz ez dut jakin autoen markak esaten. Elizako arkupeetan itxaroten ari nintzaion, altxor izugarritzat nuen disko hura hartuta. Autoan entzun nahi nuen, deskubrimendua partekatu... baina autora igo, honetaz eta hartaz hizketan hasi, eta Tolosa parera iritsi bitartean akordatu ere ez. CDa arkupeetako petrilean geratu zen. Beranduegi zen berriz atzera egiteko, eta iluntzean lanetik itzultzean, pentsatzekoa zenez, jada ez zen han.

Marie Queenie Lyonsen Soul Fever zen diskoa. Artean ez nuen ahots indartsu eta magnetiko hura zuen emakumearen berri, ezertxo ere ez. Orain ere ez apenas. Nola jakin. Disko hura atera eta betirako desagertu baitzen, inolako arrastorik utzi gabe.

CD hura ere betirako desagertu zen.

Mende erdi bete da disko zirraragarri hura kaleratu zuenetik.

Hamabost urte diskoa elizpeko petrilean galdu nuenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.