BI AHOTSETARA

Bidaiak

2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
La Casa Azul-en azken diskoko erritmo dantzagarriekin esnatu naiz, eta dutxan nire eztarria ere esnatu da Milkyway-ren desamodio letrak desafinatuz oihukatzen. Maleta eginarazi dit Connor Orberstek Moab abestiarekin: «There's nothing that the road cannot heal» (Ez dago ezer bideak sendatu ezin dezakeenik). Zu ere Thelma eta Louisen antzera sentitzen zara hau entzutean, ezta?

Nire barne bidaia hasteko, ordea, Kerobiaren Rose Escargot iruditu zait egokiena, guztiok baitugu alegiazko lekuren bat gure baitan, deitu Isburt edo jar iezaiozu beste edozein izen. Iparraldeko herri txiki polit batera eraman nau diskoak, bertan itsasargi gorri bat dago itsasoa bezainbeste herria ere zaintzen. Inguruan laku bat dago, eta bertatik paseatzeko bidexka polita dagoela iradoki dit Sigur Ros-en Ágætis Byrjun disko ederrak. Konturatu gabe, nahi nuena baino urrutirago joan naizenez, eta jada iluntzen ari duenez, azkar itzultzeko Kvelertak taldearen doinu indartsuak lagun itzuli naiz.

Elurra hasi du etxera iritsi naizenean, hala iragarri dit Bon Iver-en For Emma, Forever Ago diskoak. Esan beharrik ez dago Justin Vernonen ahotsak eraikitzen duen etxea egurrezkoa dela, eta epela. Tristuraren mantarekin tapatuz sutondoan eseri naiz. Erosotasun horretan Anariren abestiekin iraganera bidaiatu dut nostalgiaren trenean. Azken geltokian jaitsi, eta ondoan dagoen tabernara sartu naiz. Ilun dago, eta inoren begiradaren epairik gabe, lasai mugitu naiz Moderat-en testuraz beteriko elektronika dotorean. Berantegi dela jada esan dit Willis Drummond-en abestiak, eta eguzki izpiak geroz eta lotsa gutxiagorekin azaltzen direnean iristen naiz berriz ere etxera.

Eta guztia ondo doala konbentzitu nahi izan dut neure burua. Ez da horrela, ordea, oroitzapenetatik bizitzen eman ditudala hilabeteak gordinki gogorarazi C. Tanganaren azken EPak. Eta negar egin dut tentsioak askatuz. Lokartu aurretik azken pentsamendu bat: zeinen merkea (eta beharrezkoa) den musikarekin bidaiatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.