gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Sehaska kantua Rosaenean

2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Udako zein udazkeneko argiak naretzen hastearekin batera berreskuratu dutRosaenean egunero kafe goiztiarra hartzeko ohitura. Hartarako arrazoi handirik ez dagoen arren, itxialdi berri baten giromaria honetan, txistuka sartu naiz gaur ez nago ziur Sitting' the Dock of the Bay edota Basatxoritxu ote zen; edo bien nahasketa bat, sarri nahasten baititut kantuak txistukatzean. Rosa, aldiz, ahapeka topatu dut xuxurkantuan: Duerme negrito sehaska kantua, alajaina. «Amak abesten zigun bioi». Gero kontatu dit berak ere bixki bat zuela, eta nerabezaroan zirela galdu zuela... zer esan ez nekiela geratu naiz. Ederra dela kantua, eta, gurean, adibidez, Mursegok egiten zuela zuzeneko egokitzapena; horixe baino ez.

Begietan malko potolo parea nuela eseri naiz mahaian, gogoa bixkietan, eta oraintsu Youtuben deskubritutako sehaska kantu bat hasi naiz neroni ere xuxurkantuan: Soniando. Echoko haranean hitz egiten duten txesoeran idatzitako kantu ederra da, hunkigarria: galdutako alabari kantatzen dio amak. Bideo bat baino gehiago dago, baina batek urtu ninduen, guztietan amateurrenak ziur asko. Familia bazkari bateko kantu giroa sumatzen da. Irudiak eta soinua kaxkarrak dira kalitatez, edo ez. Zeren arabera neurtzen den. Haizea entzuten da, zeinak kantuari laguntzen dion nire begi-belarrietara. Ikusten ez den akordeoi bat entzuten da. Marta Perugak eta Lourdes Urbenek abesten dute, konplizitate handiz, eta duoan. Bazkari horretan sentitzen duzu zeure burua; are gehiago, bazkari giro horretako sehaskan.

Eta bururatu zait, haur izateari utzi ostean ere denok behar izaten dugula sehaska baten abaroa. Neuk Rosaenea izan dut sehaska azken boladan. Oraintsu arte. Hemendik aurrera zailago izango da. Berriren bat topatuko beharko dut kanta diezadaten Diego Carrasco eta Remedios Amayaren Nana de colores, Loa Loa txuntxurrun berde herrikoia edota ahotsak.eus-ek bildutako andanatik edozein.

Nago guraso izatea ez dela sehaska kantuetara hurbiltzeko eta haien xarmaz jabetzeko arrazoi bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.