Lide Hernando.
BI AHOTSETARA

Oroitzapena edo ametsa

2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Duela bi urte, euskal talde batek sari garrantzitsu bat irabazi zuen euskal artista mitiko baten abestien moldaketez osatutako disko batengatik. Iaz, beste artista batek ere sari bera irabazi zuen, bere ibilbideko hainbat abestiren berreskurapenekin egindako disko batengatik.

Berreskurapena, berrirakurketa, zaharra prisma berritik begiratua. Nik neuk ere entzun ditut halako hainbat disko; nolabait ere, gure tradizioaren aberastasuna zenbaterainokoa den ulertzeko balio didate, eta, zergatik ez, doinu eder horiez gozatzeko, baita ere. Azken finean, euskal musikaren tradizioa ederra da oso, aburuak aburu. Baina hori gizarte oso batek behin eta berriz egiten duenean, momentuan gertatzen ari den horren kontzientzia zeharo galtzen du. Eta momentuko sormen hori gutxietsita geratzen da.

Amnesiatik jaiki berri den herri gaixoa gara, bere iraganeko zauriak bilatu eta miazkatzen, aurrera egin ahal izateko (edo hori uste dugu). Eta horrek bere ondorioak ditu. Horregatik Txoria txori, Sarri Sarri eta Maravillas mila modu ezberdinetan interpretatuak. Horregatik Oreka TX Anariren aurretik historia liburuetan. Horregatik erromeria taldeek 5.000 euro eta rock progresiboa egiten duten taldeek 800 euro herriko txosnaguneetan.

Gaur egungo kontsumismoaren kulturarekin analogia arraro bat bururatu zait. Mugikorra hausten zaigunean, sarritan, gehiago balio du aparatua konpontzeak berri bat erosteak baino. Gauza bera gertatzen da kulturarekin: balio erantsia duela zaharra berreskuratzeak, zerbait guztiz berria egiteak baino. Gertatzen dena da, kontsumismoaren paradigman balio erantsi hori zerbait negatiboa den bitartean, kulturaren paradigman balio hori positiboa dela, ospatzeko eta harro egoteko zerbait, antza. Eta hortxe gabiltza, gure mugikor zaharra behin eta berriz konpontzen, pantailaren zartadurak zeloz itsasten, audio bidezko mezuak bidaltzen teklatuak funtzionatzen ez duelako.

Tradizioaren kultura maite dugu, ez garapenarena. Berresten gaituena, ez esploratzen laguntzen diguna. Oroitzapena, eta ez ametsa. Zuk zer nahiago duzu: oroitu ala amestu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.