SAIOA ITXI

Hasiera / Kultura

BI AHOTSETARA

Iturriaren bueltan kantuan

Gorka Erostarbe Leunda

2021eko urtarrilak 17
Auzoa blues kolorez bestitu da, urdin goibel, urdin eder; gabon zahar gaua, leihotik beha. Elur bustia zirri-zarra. Rosaenearen parean Lehoien Iturria hutsik dago. Lagun min batek kontatu berri dit euskal herrietako zenbait auzotan bazela usadioa urte berriari oles iturri baten abaroan egiteko, kantuan egiteko ere. Nekez irudika nezake aztura ederragorik, eta are, musika bizitzeko modu biziarazleagorik, auzokideen konpainian eta iturriaren emariari erreparatuz; hutsik dago auzoko iturria, baina.

Musika urte estrainioa izan dut; apenas zuzenekorik, disko berrien entzunaldiak urri, aldizkari eta irratsaio espezializatuetatik urrun. Musikazale eta kultur kazetariaren jaka anpulos hori erantzita, sehaska kantuak, kopla eta jota zaharrak, eta trap pixka bat izan ditut barne akuilu doinuzko.

Izan dut pop parametro estandarragoetan kontsumitzen dugunik entzuteko aukera urriren bat ere; disfrutatu ditut pianoz ondutako Joserra Senperenaren, Mikel Azpirozen, Igor Arzuagaren, Hatxeren lanak... (Ibon Rg, Asier LI... indar berriz dator pianoa gure musika popularrera?). Behin eta berriro dastatu dut Mirande diskoa. J Martina iruditu zait urteko agerpena. Pettik eta Rafa Ruedak euren ibilbideko diskorik finena obratu dute jada rock beteranotzat har ditzakegunean. Izaro eta Nogen gure kalitatezko mainstreamaren izen indartsuen bilakatu dira... Nazioartekoak ere gutxi entzun ditut; Sault proiektu misteriotsua, Sufjan Stevens, Elle Belga...

Baina esan dut; kontsumoaren ohiko bideetatik aldendu zait azken bolada luzean musika, eta nago, hainbat eta hainbat kontu eta kantu eder galdu ditudan hein berean irabazi dudala musikaren beste emari bat...

Leihotik beha. Gaua blues dago. Elurra zirri-zarra. Kantuan ari dira ondoko etxebizitzan. Eszena ezinezko bat irudikatu dut: aurrez aipaturiko musikari horiek guztiak, eta gehiago, eta auzokideak, Lehoiaren Iturriaren bueltan kantatuz, urte berria agurtuz. Zernahi. Bluesa, sehaska kantuak, koplak, jotak, trapa... Baina kantuan.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Izan BERRIAlaguna