Lide Hernando.
BI AHOTSETARA

Hautsi ezineko tratua

2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Aurrekoan lagun musikari batek Twitterren gertatutako eta hausnarketarako eman didan zerbait kontatu zidan. Aspalditik estimatzen dudan Foo Fighters taldeak disko berria atera du 2021ean eta, lana argitaratu osteko lehen 24 orduetan sareetan topatu zituen kritika txarrek asaldatu egin zuten. Poliki sortu, azkar kontsumitu, ziztu bizian epaitu, begi kliska batez ahaztu. Horixe da sortzaileok une oro jasan behar izaten dugun prozesua, gure eginkizuna besteei iritziak sorraraztera mugatuko balitz bezala.

Ez naiz orain hasiko zuei kontatzen zer prozesu ezkutatzen den hamar abestiz osatutako disko baten atzean, edo bideoklip baten atzean, edo disko baten diseinu baten atzean; uste baitut dagoeneko behin baino gehiagotan azaldu dela. Eta, hain zuzen ere, askotan azaldu den gauza bat delako, jada ez zarete harrituko esaten badut ezaugarri horiek dituen disko batek bi urteko lana suposatzen duela (kontuan hartuta, gainera, musikari gehienok beste ogibide bat izan ohi dugula, eta gure ordu libreak eskaintzen dizkiogula sortu, ekoitzi, grabatu eta disko oso baten inguruan dabilen lantalde osoa kudeatzeari). Disko bat erditzea, beraz, ume bat erditzea baino prozesu luzeagoa da. Hori dena ulergarria bada, uste duzue bi urtez egin den lan bat entzunaldi bakarrarekin analizatu daitekeela? Bidezkoa den ala ez eztabaidatzen hasi gabe... posible dela uste duzue?

Nik argi dut ezetz. Horregatik hartu ditut, gutxienez, bost entzunaldi Foo Fightersen diskoa analizatzeko; eta oraindik, gainera, ez dakit oso ondo gustuko dudan ala ez. Baina turbo-kontsumoaren gizarte honetan, tamalez, hala egitea normal ikusten da: disko bat lehen aldiz entzun eta berehalako sentsazioak inpunitate osoz askatzen dira, espero zenaren ordez jasotzen denak eragindako dezepzioa balitz bezala kritika egiterakoan erabiltzen den neurgailua.

Badakit norbaitek lan bat publiko egiten duen momentutik, gainontzekoen iritziak jasotzeko prest egon behar duela. Horixe omen da sortzaile-hartzailearen arteko hautsi-ezineko tratua. Ez dagoena oso argi da, hartzailea horren azkar kontsumitzera ohitu den sistema honetan, zein paper eduki behar dugun poliki eta tentuz sortzera ohituta gauden sortzaileok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.