Jon Pagola.
BI AHOTSETARA

Solea Morante eta biok

2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Jendeak irribarre egiten du Granadan. Oso sentsazio atsegina da. Tabernetara noanean, solastatzeko prest daude bezeroak eta etxean bezala sentiarazten naute. Atsegin dudan musika entzuteko aukera izaten dut —flamenkotik hasi eta rock doinuetara bitarte—, eta, mundu guztiak dakien bezala, tapa oparoak eskaini ohi dira kontsumizioarekin batera. Hilean bi aste Granadan pasatzen ditut. Denboraldiak ez ditut bereziki antolatzen, eta orain arte motibazioak eta ilusioak bultzatu izan nau. Nire hango egunerokotasunaz, aspertzen naizenean Euskal Herrira bueltatzen naiz, eta alderantziz.

Aulkian eserita leihora begira nengoen Granadako estudioan. Kaktusak ditut txoko argitsu batean, eta bizitza ematen diote espazio diafanoari. Ez dakit landareak nola zaintzen diren, eta onartu behar dut apenas jarri diedala arretarik. Ohartu nintzen kaktus batek itxura tristea zuela. Erre egiten du eguzkiak Andaluzian, eta kiskaldu egin zuen lore gizajoa. Normala da. Egia esan, desastre hutsa naiz ni landare zaintzarekin.

Loreontzia eskuan nuela, loradenda batera gerturatu nintzen kaktusa aldatzeko asmoz. Denda barrura sartzeko txanda iritsi zitzaidan. Ray-Ban beltzak, bakero estuak, Adidas zapatillak eta koadrozko Ben Sherman alkandora neraman jantzita. Ezer berririk ez. Mod casual estiloa. Jabeak begiak ireki zituen, eta errepasoa egin zuen goitik beherantz; burutik hasi eta oinetaraino. Ezpainetan irribarrea zuen. Nire barrura begiratu, eta esan nuen: «Normala da, Jon. Granadan beti dago jendea besteei irekita».

Tipo hura han hasi zen hitz egiten, nire kaktus goibelari erreparatu gabe. «Aurreko egunean Solea Morenterekin etorri zinen, ezta?». Ilusioz beterik zegoela konturatu nintzen, eta ez nion huts egingo. Nik guztiz adeitsu erantzun nion inportantziarik eman gabe, kaktusa seinalatuz: «Bai, bai. Berekin izan nintzen dendan». Egun zerbait gainbaloratua badago, hori egia da. Twiterren sartu besterik ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.