BI AHOTSETARA

Tra, tra!

2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Bitxia iruditu zait aurreko astean topatu nuen albistea: bere lan berriaren debuteko astean, Rosaliari lehengo postua lapurtu zion Operacion Triunfo telebista saioko lehiakideek egindako bertsio bildumak. Badirudi publikoak nahiago duela karaokea musika originala baino.

Barkatu errepikatzea, baina zinez zaila egiten zait ulertzea publikoak betiko abesti arrakastatsuen bertsio sinpleak hautatzea disko berri eta apurtzaile bat baino. Prezio berean kalitatezko arropa eta kalitate eskasekoaren artean bigarrena hautatuko bagenu bezala da. Gaur egun, Spotify eta bestelako streaming plataformekin munduko edozein txokotako eta estilotako musika eskura edukita, zergatik geratu bertsio plastifikatuekin? Publikoak nahiago al du aurpegi polit baten bertsio edulkoratua egiazko obra bat baino?

Alta, pozgarria da, gustu kontuak eta haren inguruan sortu den zirkua alde batera utzita, El mal querer bezalako lan bat goiko postuetan ikustea. Musika komertzial moduan saldu badute ere, ez da disko erraza. Gainera, single soilen mundu honetan, disko kontzeptual bat eskaini digu. Lana osorik entzutea beharrezkoa da benetan azaldu nahi duen guztiaz jabetzeko. Entzulearen arreta eskatzen du une oro, bere detaile txiki eta ahots efektu bereziekin. Eta gaur egun, hiru minutuz jarraian mugikorra kontsultatu gabe zerbait egiteko gai ez garen honetan, mundu erdia disko oso bat entzuten jartzea ez da meritu makala.

Nire beldurra da joera hau salbuespena izango ez ote den. Rosaliarena bezain disko bikain eta berritzaileak egon badaude, baina ez dute marketinean xahutzeko hark bezalako aurrekonturik. Betiko leloaren betiko leloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.