Begoña Vesga. Ekintzailea

«Gure belaunaldian, iraultza soziala oso garbi zegoen, baina etxekoa, ez hainbeste»

Eibar eta Ermuko ezkerreko mugimenduetan presente egon da Vesga urte luzez. PCEko militantea da, eta Alternatibaren sortzaileetako bat. Egun, pozik dago feminismoak hartu duen bultzadarekin. «Belaunaldi berriek asko erakutsi didate».
MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko urtarrilak 21
Urte luzeetako militantzia ibilbidea izan du Begoña Vesgak (Quintanilla de San Garcia, Espainia, 1951). Frankismo amaierako urteetan PCE(i)-ko kide egin zen, eta lehen hauteskunde demokratikoetan PCEko zinegotzi izan zen Ermuan (Bizkaia); gero, baita Ezker Batuaren izenean ere. Bertako mugimendu sozial eta herritarrak gertutik ezagutu ditu, eta zerbitzu publikorik apenas zegoen herrian horiek lortzeko borrokan aritu zen. Alternatiba alderdiaren sortzaileetako bat ere izan zen. Mahai feministako kide da, eta, EH Bilduren sorreran, Eibarko (Gipuzkoa) zinegotzi izan zen.

Noiz hasi zinen militantzia politikoan?

Oso gaztetatik, 16 urte ingururekin-edo. Injustiziak salatzen goiz hasi nintzen mugimendu kristau edo Elizaren ingurukoetan. 17 urterekin eskola amaitu, eta beste guneetara inguratzen hasi nintzen; mendi taldera, adibidez. Hor bazegoen antolatutako jendea, eta berehala talde komunista batean sartu nintzen.

Etxean bazenuten halako tradiziorik?

Etxean ez zuten errepresio frankista ezagutu. Burgosko [Espainia] eskualde batekoak ziren gurasoak, eta alde nazionalean harrapatu zituen gerrak. Beldur handia zegoen, hori bai, eta ez nuen esaten zertan nenbilen ere.

Klandestinitatea etxean zein kalean...

Bai, baina etxean zalantzan jartzen nituen zenbait gauza; erlijioarekin lotutakoak, esaterako. Aita asko haserretzen zen, eta leihoak ixten zituen goikoak entzungo gintuztelakoan. Beldurra zuten. Injustizia asko bizi izan zituzten, baina ez ziren inon sartu. Eta guri ere berdin egiteko esaten ziguten. Nire etxean, gainera, komunista hitza deabruaren parekoa zen, eta ni PCE(i)ren zelula batean sartu nintzen. PCEko internazionalistak ziren, maoistak.

Kalean zein zen giroa?

Burgosko prozesuarekin bat egin zuen, eta, Eibarren, greba eta manifestazio ugari egon ziren. Manifestazio batean, polizia tiroka hasi, eta barrikada batean geundela, nire zelulako kide zen Roberto Perez Jauregiri eman zioten. Hiru egunera hil zen.

Nola oroitzen duzu une hura?

Oso gogorra. Robertok lan egiten zuen lekua nire bulegotik gertu zegoen, eta askotan geratzen ginen lanetik ateratzean propaganda trukatzeko. Normal egiten genuen, lagunak bagina bezala, eta tailerreko askok esaten zuten Robertoren bikotekidea nintzela. Hil zutenean, ezin nuen esan politikoki antolatuta geundela, eta alderdiak, gainera, ez zuen bere heriotza aldarrikatu.

Zergatik?

Istorio klandestinoak. Niri horrek mina egin zidan, ez baitakit zer gorde nahi zuten. Denbora gutxira, orri batzuk banatzen ari ginela, Poliziak harrapatu gintuen, eta atxilotu. Orduan izan zuten etxean nire militantziaren berri. Atxilotzea, ordea, ez zen oso gogorra izan; 19 urte nituen, eta ez neukan informazio askorik ere. Hilabete eta erdi egon ginen Martuteneko kartzelan, eta baldintzapean aske atera nintzen. Nire etxean beldur handia zuten beste kontu batean sartuko ote nintzen, eta amak goitik behera miatzen ninduen.

Hortik PCEra egin zenuen salto. Zergatik?

PCE(i)koekin arazoak izan nituen nire familiak berme bat pagatu zuelako, haien politika bermerik ez pagatzea baitzen. Horrez gain, PCEko kide batekin ateratzen hasi nintzen, eta ikusi nuen beste egitura bat zutela. Ezkondu egin ginen, eta Ermura joan ginen bizitzera.

Ermuan herri mailako mugimenduetan parte hartzen hasi zinen. Nolakoa zen orduko Ermua?

Zoragarria zen, borborka zegoen herri bat. Bizilagun mugimendu oso indartsua zeukan, lotarako herri bat izan arren. Azpiegituren falta zegoen, eta horiek lortzeko borrokan hasi ginen. Gauza txikien konkistak lortu genituen: anbulatorioa, eskolak, haur eskolak... Modu txarrean egindako herri bat zen, 3.000 biztanletik 20.000ra igaro baitzen denbora gutxian. Beraz, errepideak itxiz eta mobilizatuz lortu genituen gauza horiek.

Lehen hauteskunde demokratikoak iritsi zirenean, zinegotzi izan zinen PCErekin.

Urte haiek lotura gehien egin nituen garaia izan ziren. Ermuko egitura oso berezia da, herri karlista bat delako. Jendea eskuindarra zen, baina oposizio taldea handia zen. Lehen hauteskundeetan ezkerrak irabazi zuen, PSOE kontuan hartuta. Julian San Cristobal izan zen alkate, GAL muntatu zutenetako bat. Ez zen herrikoa, eta ez zuen Ermua ezagutzen, baina argia izan zen, herri mugimenduetan zebilen jendea ikusi zuelako eta ardurak partekatu genituelako. Kontzentrazio gobernu bat izan zen.

Dena egongo zen egiteko...

Bai. Talde tekniko bat zegoen auzoko taldeak aholkatzen zituena, eta San Cristobalek lan egiten utzi zigun. Demokraziaren lehen udalak buelta eman zion herriari, eta herri izaera bat garatzen hasi zen. Baina 1982an, Gobernu Zibilera pasatu zen, eta hurrengo hauteskundeetan gehiengo absolutuz irabazi zuen PSEk. [Francisco Jose] Berjon iritsi zen alkatetzara, eta hark bertan behera utzi zuen martxan zegoen guztia. Ordutik ezin izan zaio egoerari buelta eman.

1991ko hauteskundeetan berriz aurkeztu zinen, eta berdintasun zinegotzi bat jartzeko proposatu zenuen.

Bai, emakumeen hautagaitza bat aurkeztu zen; Ermua aitzindaria izan zen horretan. Ni Ezker Batuarekin joan nintzen, baina ez ziren etsaiak. [Carlos] Totorika etorri zen orduan, eta hor hasi zen udaleko nire bigarren etapa. Totorikari berdintasun zinegotzia sortzea proposatu nion, eta berdintasun plan bat egin zezan, eta onartu zidan, gobernuan egon gabe. Berdintasun teknikari bat ere jarri zen; aitzindariak izan ginen.

Miguel Angel Blancoren hilketa nola bizi izan zenuen?

Ez zitzaidan Ermuan bizitzea tokatu, ordurako banandua eta Eibarrera itzulia nintzen. Pentsatzen nuen gobernuak negoziatuko zuela... Baina herritarren altxamenduak ez ninduen harritu, mugimendu sozialen oinarria bazegoelako. Gero erabilera negargarria egin zitzaion egoerari, etsaiak bilatu baitzituzten leku guztietan.

Zure jarduera politikoa udal mailara mugatu da, baina Alternatibaren sorreran ere parte hartu zenuen...

Bai, herri mailako politika oso gertukoa iruditzen zait, eta zorte handiz beste esperientzia ere eduki nuen. PCEtik ondorengo zatiketa guztietan egon naiz: Euskadiko Ezkerrakoa, Ezker Batukoa, Madrazoren garaia... Madrazori oposizioa egin genion bere jarrera diruzaleagatik, eta Alternatiba sortzen aritu ginen. Alderdiaren lehen egoitza etxe hau [bere bizilekua] izan zen, eta oraindik karta batzuk iristen dira... Gutxira, EH Bildu sortu zen, eta zerrenda garbien kontuarekin Eibarren eman nuen izena.

Nola gogoratzen duzu garai hura?

Beste etapa zoragarri bat izan zen. Alderdi ezberdinen elkargune bat izan zen, eta soka horien bat egite hori oso interesgarria izan zen. Eibarko Udalean administrazioan lan egin izan dut, eta, udal hauteskundeetako zerrendak egiteko orduan, garbi utzi nuen izena emango nuela, baina ez ateratzeko moduan, lanari muzin egin beharko niolako. Zerrendan seigarren izan nintzen, pentsatuz ez genuela aterako...

Eta emaitzen unea nolakoa izan zen?

Gogoan dut nola ikuskatzaile gisa egon nintzen Amaña auzoan, eta, nire aktarekin itzultzen ari nintzela, ahizpak deitu zidan esanez Donostian Odon Elorza erori zela, eta Eibarren zinegotzi aterako nintzela. Lokalera iritsi, eta mundu guztia euforiko zegoen, eta ni beldurtuta, pentsatuz zer egin behar nuen. Baimena hartu nuen, eta zinegotzi izan nintzen Eibarren. Baina halakoa izan zen booma, diputazioa ere hartu genuela, eta batzarkide gisa ere joan nintzen. Beraz, kasik lehen lerroan egotea tokatu zitzaidan berriz, eta oso esperientzia polita izan zen.

Garai historikoa izan zen...

Nik zortea eduki dut. Ermuan nahiz Eibarren oposizioan egonda ere, talde oso interesgarria izan zen. Belaunaldi berri batekin bat egin dut, eta ederra izan da. Feminismoaren alorrean, neska gazte zoragarri batzuekin ere bat egin dut, eta Alternatibako feminismo mahaian ere banago. Alde horretatik, pribilegiatua sentitzen naiz, belaunaldi berriak ezagutu ahal izan ditudalako.

Ez daude emakume asko jarduera politikoan hainbeste urtez jarraitu dutenak. Zu hor egon zara.

Beste gauza batzuk lehenetsi ditut, eta politikoki aktiboen egon naizenean, garai onak izatea tokatu zait. Hala ere, etapa zailena zaintzarena izan da. Oso gazte izan nintzen ama, eta orduan oso ausarta zara. Lortu dut lan egin, militatu, haurrak izan eta ama ere izatea. Beti pentsatu dut nire haurrek ez dutela izan ama bat ikastola kanpoan ogitartekoarekin zain, baina esan izan didate horrek independentzia eman diela.

Hori gogorra izan da zuretzat?

Bai, alaba haurtzaindegian utzi nuela amestu nuen denbora luzez. Hainbeste kezka neuzkan bateko bilera zela eta besteko kontuekin. Eta bikotekidearen kolaborazioa ere ez zen nahi bestekoa... Gure belaunaldian, iraultza soziala oso garbi zegoen, baina etxekoa, ez hainbeste. Nik ere bilera asko izan nituen, baina haurrak norekin geratuko ziren lotuta uzten nuen beti. Alde horretatik, garai zailena hori izan zen bateratzeko; baina gaztea nintzenez eta indarra nuenez, igaro nuen.

Gaur egun indar handien duten mugimendu sozialetako bat feminismoa da. Nola ari zara bizitzen garai hau?

Zoragarria da. Irantzu Varelaren fana naiz, eta harekin topatzea zoragarria da. Ekintza batzuk egiten hasi ginen, Irantzuk egun egiten dituen bideoen antzera. Esku hartze batzuk egin genituen Bilboko elizaren parean, eta parte hartu nuen han. Gaztetu egin nau. Mezu feministak zabaltzeko modu berri bat da; oso interesgarria. Nik ez diet asko eskaini, nire esperientzia ez baita asko. Alderantziz, haien bidez ikasi dudana askoz gehiago izan da nik eskaini ahal izan diedana baino.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna