Miguel Gallastegi. Pilotari ohia

«Gaurko pilotariek ez dute indarrik»

Ehun urte bete ditu gaur Eibarko pilotari historikoak. Hainbatetan izan zen txapelduna 1940-1950eko hamarkadan, eta ezaguna egin zen ondo prestatzeagatik. 110 urte hartuko dituela esan du, eta bizitza luzea izateko sekretua zabaldu du.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Edu Lartzanguren -

2018ko otsailak 25
Miguel Gallastegi (Eibar, Gipuzkoa, 1918) pilotari ohiak ehun urte ditu; burua argi eta gorputza sendo ditu, baina, aldakako ebakuntza baten eraginez, ezin da nahi bezainbeste ibili. Donostian bizi da, Urumeara, Zurriolara eta Kursaalera begira duen etxe museoan. Izan ere, kirol ibilbide luze bateko oroigarriz beterik du bizilekua inoizko pilotaririk onenetakoa izandakoak.

Zein da sekretua ehun urte horren sendo hartzeko?

Urtez ongi nago, bai. Jausi egin nintzen, eta izorratuta nago. Baina minik ez, eta ondo. Halakoa da bizitza. Zorte handia izan dut. Asko sufritu dut, eta ondo pasatu dut.

1936ko gerrak harrapatu zintuen. Eibarren Amuategi batailoia sortu zuten, faxistak matxinatu eta berehala. Nolatan sartu zinen batailoian?

Kasualitatez. Baserriko [Amaña auzoko Asoliartza edo Asola-Igartza] baratzean letxugak, tomateak, artoa eta halakoak hazten genituen. Ni pilotan aritzen nintzen Astelena frontoian 13 urte nituenetik. Gerra hasi zenean, frontoiaren erdia milizianoentzako jana prestatzeko sukalde moduan jarri zuten, eta beste erdia libre zegoen jokatzeko, eta ni horretan ibiltzen nintzen, barazkiak sukaldera eraman ondoren. Orduan, Amuategi batailoiko nagusiak esan zidan: «Nahi baduzu, soldadu hartuko zaitugu, baina, ez baduzu nahi, ez». Holaxe hasi nintzen soldadu: jatekoa Kalamuako lubakietako milizianoei eramaten.

Frankistak sartu zirenean, berriz, haiekin soldadu joatera behartu zintuzten. Baina zortea izan zenuela esan duzu lehen. Zertan?

Etxean ezkutatu ginen orduan, eta, gero, Orbean lanean hasi nintzen. Baina soldadu hartu ninduten, eta Gasteizera eraman. Frontean nengoela gaixotu egin nintzen, elgorriarekin. Mondarizko [Galizia] erietxean izan ninduten, eta, gero, Gasteizen bueltan. Bost hilabeterako bidali ninduten etxera, eta orduan egin nintzen pilotari. Zorte ikaragarria izan nuen.

Zuk ordurako bazenekien pilotari txapelduna izango zinela?

Ez. Hori jakitea oso zaila zen. Orduan pilotariak bat ona eta beste bat hobea ziren. Baziren dozena bat pilotari fenomenoak. Baina ni gaztea nintzen, eta pixkanaka pilotari egin nintzen. Kuarteletik baimenarekin ateratzen nintzen partidak jokatzeko, eta Atano III.ari irabazteko zortea izan nuen [1948. urtean, Astelenan].

Gorputza eta teknika prestatzen lehenengo pilotarietakoa izan zinen. Besteek uste zuten sasoia zeurea zenuela?

Gutxiago prestatzen ziren. Nik indar gehiago neukan jaiotzatik, Jainkoak emanda. Eta, gero, gehiago prestatzen nintzen, eta horrek abantaila handia ematen zidan. Besteek nola jokatzen zuten ikusi eta ikasi egiten nuen. Pilotan, indarra dagoenean, eta igotzeko gogoa dagoenean, ikasi egiten da. Esteban Agirre okina zen neure entrenatzailea.

Lapurdin asko ibili zinen jokatzen, pareta bakarreko frontoietan, besteak beste Joan Bautista Haranbillet ezpeletarraren kontra. Munduko txapelduna izan zen hura 1944. urtean. Pareta bakarrean jokatzen ere ikasi behar izan zenuen. Non ikasi zenuen?

Hantxe bertan. Enpresak sei bat partida lotu zizkidan han. Batzuetan galdu, eta besteetan irabazi. Baina, hor, garrantzitsuena eskuz eskukoa zen, eta irabazi egin nion Haranbilleti. Han 1943-50 artean hemen [hegoaldean] baino hobeto jokatzen zuten, nire ustez. Jose Antonio Agirre lehendakaria etorri zen partida hura ikustera.

Harekin bazkaltzera joan zinen. Zer esan zizun Agirrek?

Sinpatikoa zen, eta gauza askoren inguruan aritu ginen, tartean Eibarko kontuak. Eibarko jende asko ezagutzen zuen. Ondo pasatu genuen.

Lehendakariarekin biltzeagatik kartzelara sartzeko mehatxua egin zizuten. Pilotari txapeldun ospetsua zinelako libratu zinen?

Enpresariek esan zidaten ez nintzela bakarrik diruarengatik joan hara, eta ni kartzelan sartzeko eskatu zuten. Baina trikimailu bat zen, hemen [hegoaldean] finala jokatzeari uko egin niolako. Sei hilabetez zigortuta eduki ninduten, ez nuelako jokatu nahi izan 1953ko buruz buruko finala, enpresarekin diruaren inguruan ados jarri ez nintzelako. Azkenean, ez zen ezer gertatu; ni ez nintzen politikaria, bizi behar eta dirua irabazi nahi nuen, besterik gabe.

Beti borrokan aritzen zinen enpresariekin. Zer zinen pilotarien sindikalista antzeko bat?

Borrokan ez, baina binakako partidetan aurrelariak nik halako bi kobratzen zuen ia, eta hori ez zitzaidan gustatzen. Besteak baino esfortzu handiagoa egin, eta hark eraman dirua! Horregatik kexatzen nintzen. Denborarekin lortu nuen berdin kobratzea.

Atano III.a karlista zen. Zuen zaleak ere karlistak/abertzaleak multzotan banatzen ziren?

Lehenengo partidan hala izan zen: karlistak nazionalisten aurka. Hirutik sakatzen jokatu genuen. Irabazi nion hori ere. Karlistek esaten zuten Atanoren balioa sakean pilota bizi ibiltzea zela. Orduan, bizi ateratzen jokatu nion, eta irabazi. Tolosan [Gipuzkoa] dirua neure kontra atera zen, doble. Tolosan haren alde zeuden, karlistak zirelako. Eibarren, noski, neure alde beti. Kantxatik kanpo, lagun minak ginen. Baina pilotalekuan ahal genuena egiten genuen.

Jose Etxeberria Arrasateko Ezkerra-ren kontra partida ikaragarria jokatu zenuen 1944an, Grosen (Donostia). 22-0 irabazi zenion. Hamabost egun pasatu zenituen ezkerrarekin entrenatzen. Hura ere diziplinari esker lorturiko garaipena izan zen?

Hura inoizko partidarik onena izan zen, nire ustez; ezkerrez jokaturikoen artean, behintzat. Biok ondo jokatu genuen, baina batek irabazi behar.

Gaurko pilotariak bigunak direla esan izan duzu. Benetan uste duzu hori?

Nire ustez, gaurko pilotariek ez dute indarrik, eta, pilotan, indarra edukitzea da garrantzitsuena. Bat edo bi kenduta, indar falta dago. Gainera, erraztasun gehiago ematen dizkiete. Lehen, gehiago estutzen zituzten pilotariak, gehiago exijitzen zitzaien, gehiago zaintzeko, eta pilotan gehiago egiteko. Pilota lehen askoz aurrerago jokatzen zen: txapa gaineko asko egiten zen. Orain, gero eta atzerago, eta ez da ia txapa gainekorik egiten.

Pilotekin ere kexu zara. Pilota biziagoak erabiltzen dira pilotariek ez dutelako lehen adina indar, edo alderantziz?

Biziegiak dira pilotak. Errazago egiteko aukeratzen dituzte: intendenteen kontua da, partidak antolatzen dituztenena. Gauza asko daude hor hitz egiteko. Orain, pilota errazago galtzen da. Pilotariek dakiten bezala jokatzen dute, ez gehiago eta ez gutxiago.

Zeintzuk dira gustuko dituzun pilotari horiek?

Gaurko aurrelari berrien artean, [Unai] Laso. Bestela, [Iker] Irribarria, nahiz eta finala galdu.

Pilotalekuak berdeak dira, telebistan pilota hobeto ikusteko. Beste kirol askorekin bezala, ikuskizun hutsa bihurtu dute pilota?

Lehen, pilotariak hobeto ikusten zuen pilota. Gora joaten da orain; lehen, kantxaren erdian ibiltzen zen. Edonola ere, geuk ere aldatu egin genuen pilota. Gure garaian lauzpabost frontoi zeuden. Orain, pilotari asko ateratzen dira, herri txiki guztietan frontoi berriak daudelako. Baina, orain, futbolean bezala egoten da jendea frontoian. Eibarren, lehen, jendea zutitu egiten zen tantoa egiten zenean, eta txaloa jotzen zuten. Gero, berriz esertzen ziren. Jendea emozionatu egiten zen ondo jokatzen zenean. Astelenak bi pisu ditu. Lehenengora adituak joaten ziren: pilotariaren estiloari asko erreparatzen zioten horiek, eta handik ikusten zuten estiloa hobekien. Eibarko pilotalekuan exijitzen zitzaion gehien pilotariari. Astelena izan da frontoirik interesgarriena, nire ustez. Onena, zalantzarik gabe.

1960. urtean hartu zenuen erretiroa. Eta, orduan, zinemak eraikitzeari ekin zenion. Horren zinemazalea zinen, edo negozio ona zen orduan?

Utzi nuenean, ez nuen jarraitu nahi izan pilota munduan: hor konpon esan nuen. Edonola ere, jarraitu nuen ongintzako partidak eta halakoak jokatzen. Amaya zinemak sortu nituen orduan, Eibarren, Arrasaten eta Durangon [Bizkaia]. Emazteak —goian bego— asko ulertzen zuen zinemaz, eta oso ondo eramaten zituen. Baina, gero, zinemen beherakada etorri zen.

Oraindik egiten dituzu ariketak sasoitsu egoteko?

Gaixoa ni, zer nintzen eta non nago! Mundua datorren moduan hartu behar da. Duela gutxi arte asko ibili naiz. Tarteka baserrira joaten naiz, autoan, pinuak hazten ikustera.

«Gallastegi beti zaindu zen», esaten diote Eibarren, oraindik ere, kirol gutxi egiten duenari. Zein izan da zure teknika sasoitsu egoteko?

Gorputza pixka bat zaindu, hori egin behar da. Pilotariak asko zigortzen du gorputza: izerdi asko botatzen da, eta izerdi hori zaindu behar da. 1940. urtean 100 kilo nituen, 1,86 metrorekin, eta 93ra jaistea lortu nuen. Eta 30 urtean egon naiz pisu horrekin. Gutxiago janez eta mendian ibiliz jaitsi nuen pisua.

1943an erosi zenuen lehen autoa, eta duela lau urte arte gidatu duzu. Esan zenuen gidabaimena kenduz gero haur batek bezala egingo zenuela negar. Horrenbesterako izan zen?

Autoaren falta handia sumatzen dut. Baina ez dago atzera bueltarik.

Zer asmo duzu etorkizunerako?

Ez daukat asmorik. Minik gabe bizitzea, besterik ez.

Duela bost urte argi esan zenuen 100 urte hartuko zenituela. Hamar urte barru berriz egongo zara elkarrizketa egiteko moduan?

Horixe baietz. Hamar urte barru arte!

Hamaiketakoa ekarri dizute. Egunero jaten duzu halakoa? Ez al da hori izango bizitza luzerako sekretua?

Bai, egunero-egunero. Txorixo egosia, ardo txuriarekin. Bizi egin beharko dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna